Heriotza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kepa Anabitarte euskal sindikalismoaren ikurra zendu da

Pasaian jaioa, gaztetan hasi zen ELA sindikatu klandestinoan militatzen, eta erbesteratu beharra izan zuen. 91 urterekin hil da, Donostian.
Kepa-Anabitarte-eitb
Kepa Anabitarte (Pasaia, 1934) hil da. Irudia: EITB

Kepa Anabitarte (Pasaia, 1934) zendu da, frankismo garaian euskal sindikalismoaren ikurra izandakoa. Gaztetan hasi zen ELA sindikatu klandestinoan militatzen, eta erbesteratu beharra izan zuen. 70eko hamarkadan Euskal Sozialisten Biltzarra (ESB) sortu zuen. 91 urterekin hil da, Donostian.

Anabitarte Euskal Herriaren askatasun egarriak mugitu du bizitza osoan. Familia euskaldun eta abertzale batean sortu zen, Trintxerpe auzoan, langileen borrokak eta zapalkuntza gogorrak blaitutako testuinguruan.

ELA sindikatuan hasi zuen militantzia ibilbidea, eta kartzelan egon zen horregatik. Municheko 1962ko kongresuaren ondoren, sindikatuaren lehen zatiketa handiaren eragileetako bat izan zen, herriaren askatasunera heltzeko bideei eta analisiei zegozkien funtsezko desadostasun politikoen ondorioz. ELA-berri taldearen arduradun izan zen geroztik.

ESB alderdiaren sorreran ere parte hartu zuen, kooperatibismoan aritu zen, Gipuzkoako industriaguneetako arduradun izan zen, Nabarralderen bultzatzaileetako bat, Orreaga iritzi taldeko kide, Gara egunkaria argitaratzen duen EKHE SAren presidente, eta abar.

ELAk ohar batean doluminak eman dizkie Kepa Anabitarteren familiari eta hurbilekoei. "Garai bereziki zailetan sindikatuko militante garrantzitsua izan zen", azpimarratu sindikatu abertzaleak.

"Bere printzipioekiko leiala zen militante bat hil da, eskuzabala, nekaezina, Euskal Herri aske eta justu bat eraikitzeko proiektuetan beti konprometitua. Agur eta ohore, Kepa Anabitarte", zekarren oharrak.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
Zuzenean
Duela  min.

Bilbok 751 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, aurten baino % 4,5 gehiago

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak udal aurrekontuen proiektua aurkeztu du, herritarren "beharrizanekin koherentea eta jasangarria" dela iritzita. Santutxuko ertzain-etxe berria, Deustuko suhiltzaile-parkea eta Emakumeen Etxea dira aurreikusten diren proiektu handienetako hiru. Gainera, Segurtasuna, Etxebizitza eta Zerbitzu Publikoak izango dira aurrekontuen ardatzak, Aburtoren hitzetan.

Gehiago kargatu
Publizitatea
X