Geroa Baik “haserrea" adierazi du, EH Bilduk “Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa kontrolatzen” duela esan ondoren
Uxue Barkosek adierazi duenez, adierazpen horiek "zentzu berria" ematen diete OANAk Nasuvinsari buruz egindako "txostenak dituen akats juridikoei". Oskar Matutek, bere aldetik, "harrituta" dagoela esan du eta "egunkari bateko titularra tonu ironikoan" erabili zuela argitu du.
Uxue Barkos Geroa Baiko senatari eta Nafarroako presidente ohiak "susmoa eta haserrea" adierazi ditu asteazken honetan, Oskar Matutek asteartean Kongresuan egindako adierazpen batzuen harira. EH Bilduko diputatuak, UPNko Alberto Catalani erantzunez, esan zuen Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa (OANA) “EH Bilduk kontrolatzen” duela“, hein handi batean.
Bulego horrek astelehenean jakinarazi zuen Nasuvinsa enpresa publikoak Jose Maria Aierdi (Geroa Bai) buru zela egin zituen bi esleipenetan “akatsak” daudela.
Geroa Baik prentsaurrekoa eman du Iruñean Matuteri erantzuteko eta “astelehenean ezustekoa izan zena, gaur susmo txarra” dela jakinarazi du.
Barkosen arabera, Matuteren hitzak “ez dira lapsus bat, ezta aipamen okerra ere”. Horrez gainera, gogorarazi du EH Bilduk proposatu zuela gaur egun OANA-ko zuzendaria denaren izena.
Senatariak esan du EH Bilduko diputatuaren hitzek “zentru berria” ematen diete txostenak dituen “akats juridiko larri eta garrantzitsuei”.
Halaber, kritikatu du OANAk ez diola aukerarik eman Jose Mari Aierdiri alegazioak aurkezteko.
Azkenik, Geroa Baik "etorkizuneko jarduera parlamentario eta judizialetarako aukera eta eskubidea" gordetzen dituela azpimarratu du.
"Ironiaz egindako hitzak"
Oskar Matute EH Bilduko parlamentaria “harrituta” agertu da sare sozialetan, Kongresuan egin zituen “hitzek izan duten oihartzuna” dela eta. “Ironiaz, egunkari batek argitaratutako titularra” erabili zuela azaldu du.
EH Bilduko Nafarroako parlamentari Adolfo Araizek ere antzerako hitzak erabili ditu. Matutek El Mundo egunkariak argitaratu zuen titular bat erabili zuela Catalani erantzuteko argitu du eta “ironiaz” egindako hitzak izan zirela.
EH Bilduren ustez, interpretazio hauek Nafarroako Parlamentuan sortutako ikerketa batzordean eskuinak darabilen estrategia indartzeko bakarrik balio dute.
Eta azpimarratu du OANA “gardentasunaren alde lan egiteko sortu zen organo independentea” dela.