Arabako Aldundiak biozientzien sektorerako pizgarri fiskalak aztertuko ditu
Arabako Foru Aldundiak biozientzien sektorean pizgarri fiskalak ezartzeko prozesua abiatuko du, ikus-entzunezkoen industriarako dauden neurrien antzera. Proposamenak produkzio-kostuen gaineko kenkariak jasoko lituzke, besteak beste.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak legegintzaldi honetako Politika Orokorreko bigarren eztabaidan iragarri du neurria. Hitzaldiari hasiera eman dio Israelek Gazan egiten ari den “genozidioa” salatuz, eta nazioarteari eskatu dio “batasunez eta irmotasunez” jokatzeko, basakeria hori geldiarazteko.
Gonzalezek azpimarratu du Araban biozientzien sektoreak izan duen hazkundea, eta “aberastasuna eta enplegua sortzeko gaitasuna” nabarmendu du. Pizgarri fiskal berriak zehazteko prozesua martxan jarriko dela azaldu du, baina horretarako Europako Batasunaren onespena eta Batzar Nagusien babesa beharko direla gogoratu du: “Denbora eta elkarrizketa beharko dira, baina jauzi garrantzitsua izango da”.
Proposamen hori ikus-entzunezkoen industriarako indarrean dauden pizgarri fiskalen antzekoa da. Ikus-entzunezkoen arloan indarrean dauden pizgarri fiskalek filmen ekoizpenari, kopiei, publizitateari eta sustapenari dagozkien kenkariak jasotzen dituzte, eta arte eszenikoetan, musikalean zein liburuen edizioan aplikatzen dira.
Beste hainbat gai
Aiaraldearen egoeraz ere mintzatu da Gonzalez. Azken urteetako enpresa eta enplegu galerak gogoratu ditu, eta inbertsioei eusteko itun sozial baten alde egin du. Aldundia eta Eusko Jaurlaritza Guardianeko instalazioetarako “proiektu serio bat” lantzen ari direla iragarri du, nahiz eta “konplexua eta luzea” izango dela aitortu.
Bestalde, Maderas de Llodion iragarritako enplegu-erregulazioko espedientearen aurrean, enpresaren jarraipena bermatzeko behar diren tresnak bultzatuko dituela agindu du.
Ahaldun nagusiak esan du Araban lur industrial gehiago eta talentua behar direla. Arasur handitzeko lanak gogoratu ditu, eta aurreratu du Aldundia, beste bazkideekin batera, Jundizko intermodala kudeatzeko Adifek deituko duen lizitaziora aurkeztuko dela.
Forondako aireportuari buruz, Madrilera eta Bartzelonara egingo diren hegaldien garrantzia nabarmendu du, baita turismoaren gorakada ere, Arabako BPGaren ia % 6a baita.
Abiadura Handiko Trenaren inguruan, obra bizkortzeko eskatu du, eta Gasteizera lurpeko sarbidea defendatu du. Iruñea Arabako hiribururekin zuzenean lotzeko apustua ere berretsi du, Ezkioren ordez: “Hori da herrialdearentzat aukerarik onena”.
Trebiñuko konderriari dagokionez, legegintzaldi honetan Araban integratzeko “aurrerapauso nabarmenak” eman behar direla esan du Gonzalezek, eta enklabearen arazoari “behin betiko irtenbide” bat bilatzeko beharra azpimarratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri