Torresek defendatu du PSE-EEk eta bere ordezkari guztiek "norabide berean" eta "helburu politiko berarekin" lan egiten dutela
Sailburu sozialistarentzat "mingarria" da EAJ Anduezaren irudia "kaltetzen saiatzea" eta "ez da onargarria" Gobernu Kontseiluko ordezkariak horretan aritzea.
Urak harro dabiltza aspaldian EAJ-PSE-EE koalizioaren barruan. Gaur, Bingen Zupiria eta Mikel Torres Segurtasun eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, hurrenez hurren, izan dira beste ika-mika bat irudikatu dutenak publikoki.
Goizean, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Eneko Anduezak azken egunotan egindako adierazpenak kritikatu ditu Zupiriak. PSE-EEko idazkari nagusiak ohartarazi zuen koalizio-gobernua "arriskuan" egon daitekeela, "EH Bildurekin akordio identitarioak bilatzen jarraitzen badu EAJk". Segurtasun arduradunaren iritzian, Anduezaren jarrerak "deserosoago" sentiarazten ditu Jaurlaritzako sailburu sozialistak jeltzaleak baino.
Berehala etorri da sozialisten erantzuna, Torres sailburuak X sare sozialean argitaratutako mezu batean. Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde ere badenak defendatu du PSE-EEren idazkari nagusiak zein ordezkari guztiek "norabide berean" eta "irizpide politiko berarekin" lan egiten dutela. Idatzi duenez, sozialistei euren iritzia emateko aukera ukatu nahi izatea da bere alderdia dezeroso sentiarazten duena.
Sailburu sozialistarentzat "mingarria" da EAJ Anduezaren irudia "kaltetzen saiatzea" eta "ez da onargarria" Gobernu Kontseiluko ordezkariak horretan aritzea.
Amaitzeko, ziurtatu du Jaurlaritzan "lan giro ona" dagoela eta bazkideen arteko harremana ere ona dela.