EAJk eta PSE-EEk Mikel Mancisidor legelariaren alde egin dute Ararteko berria izan dadin
Gobernuko kideek hirugarren talde bat behar dute, EH Bildu edo PP, Mancisidor herritarren defendatzaile izendatzeko.
Manu Lezertuak erretiroa hartu zuenetik lau hilabete igaro ostean, alderdiek negoziatzen jarraitzen dute haren ordezkoa izendatzeko Arartekoan. Hautagai guztien artean, Mikel Mancisidor legelari bilbotarra da uneotan hautagai nagusiena, EAJren eta PSE-EEren babesarekin.
Hala ere, Arartekoaren legeak Eusko Legebiltzarra osatzen duten kideen hiru bosteneko gehiengoa eskatzen du, hau da, 75 kideetatik 45. Horregatik, gobernukideek (EAJk 27 eserleku ditu, eta PSE-EEk 12) hirugarren talde baten babesa behar dute, EH Bildurena (27) edo PPrena (7). Adostasun falta hori prozesua atzeratzen ari da.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak hautagaitzak aurkezteko epea luzatu du berriro, orain azaroaren 14ra arte, negoziazioek ez baitute aurrera egin aurreko epeetan. Bien bitartean, Ines Ibañez de Maeztuk, orain arte bigarrena zenak, jardunean jarraitzen du.