Irratietan gutxieneko abesti batzuk euskaraz, katalanez edo galegoz entzuteko eskatu du ERCk
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorra aldatzea proposatu du, estatu mailako musika-irratiek abestien % 5, gutxienez, gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialetan jar ditzaten.
Estatu mailako musika-irratietan, gutxienez abestien % 5 euskaraz, galegoz, katalanez edota gaztelania ez den beste hizkuntza ofizial batzuetan jartzeko ekimena aurkeztu du ERCk ostiral honetan Kongresuan.
Zehazki, Kongresuko Kultura Batzordean eztabaidatzeko eta bozkatzeko legez besteko proposamen bat da. Horren bitartez, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorra aldatzea proposatu du alderdiak.
ERCk nabarmendu duenez, estatuko musika-irratietan "ia ez da entzuten" gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialetako musikarik. Horrek, murriztu egiten ditu gorabidean diren musika taldeak entzuteko aukerak, "haien hedapena eta hazteko aukerak nabarmen murriztuta".