USTELKERIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Astelehen honetan hasiko da Auzitegi Nazionalean Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren aurkako epaiketa, ustez bere familia legez kanpo aberasteagatik

95 urteko presidente ohia ospitaleratuta egon da azaroaren erdialdetik joan den ostiralera arte, pneumoniak jota, eta epaiketa hasteko, bere osasun egoera dela eta epaiketara joan daitekeen eta Fiskaltzak berarentzat eskatzen duen 9 urteko kartzela-zigorrari aurre egiteko moduan legokeen ebatzi beharko da lehenbizi. 

Jordi Pujol
Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Auzitegi Nazionalak (AN) Jordi Pujol, 1980tik 2003ra Kataluniako Generalitateko presidente izan zena, epaituko du astelehen honetatik aurrera, zazpi seme-alabekin eta ustezko 15 laguntzaile baino gehiagorekin batera, ustezko erakunde kriminal bat osatzeagatik.

Delitu hauek leporatzen zaizkie: legez kanpoko taldea osatzea, kapitalak zuritzea, merkataritza-dokumentuak faltsutzea, Ogasun Publikoaren aurka egitea eta ondasunak ostentzea.

Zigorrik altuena, 29 urteko kartzela-zigorra, Jordi Pujol Ferrusola familiako seme zaharrenarentzat eskatzen du Fiskaltzak, baita 6,5 milioitik gorako isuna ere. Merce Girones emazte ohiarentzat 17 urteko kartzela-zigorra eta 600.000 euro baino gehiagoko isuna ere eskatu ditu fiskalak.

Ustelkeriaren aurkako erakundeak 9 urteko kartzela-zigorra eta 204.000 euroko isuna eskatu du presidente ohiarentzat berarentzat, eta beste sei seme-alabentzat, berriz,  8 eta 17 urte arteko espetxe-zigorrak.

Isunez gain, Pujol familiak 45 milioi euro baino gehiago itzultzea ere eskatzen du Fiskaltzak.

"Bezero-sarea"

Enpresariak dira gainerako akusatuak eta horientzat bi eta hiru urteko espetxe-zigorrak eskatu ditu Fiskaltzak merkataritza-dokumentuak faltsutzea egotzita, kapital-zuriketa delituarekin lotuta. Gainera, 200.000 eurotik 8 milioira bitarteko isunak ezartzea ere eskatu du.

Ustelkeriaren aurkako fiskalak uste du Pujolek Generalitateko presidente eta Kataluniako Konbergentzia Demokratikoko (CDC) buru zela "baliatuta", "klientelismo-sare bat ehundu" zuela, "Pujolek berak eta CDCren aldeko enpresariek lehiaketa publikoei esker, dirutza banatzeko euren artean".

Generalitateko presidente ohiak atzerrian dirua zuela onartu zuen 2014an, baina Florenci Pujol aitaren herentziatik eratorria zela argudiatu zuen. Komunikatu batean azaldu zuenez, Pujolen aitak diru hori Espainiatik kanpo utzi nahi izan zion, 30 eta 40ko hamarkadak gertutik bizi izan zituenez, "gerta zitekeenaren beldur zelako, eta politikari konprometitu bati gerta zekiokeenaz are gehiago".

200 lekukok baino gehiagok hartuko dute parte epaiketan eta 2026ko erdialdera arte luzatzea aurreikusten da.

Pujolen osasun-egoera

Presidente ohiak bideokonferentziaz agerraldia eginez hasiko da astelehen honetan epaieketa, Bere osasun egoeraren berri emango du Bartzelonako bere etxetik . Izan ere, azaroaren erdialdetik iragan ostiralera arte, ospitaleratura egon da pneumonia baten ondorioz.

Bere defentsak eskatuta egindako auzitegiko txosten baten arabera, Pujol "ez dago Madrilera lekualdatzeko edo deklaratzeko moduan". Perituaren arabera, 95 urteko politikari ohiak "nahaste neurokognitibo misto handia du (Alzheimer motakoa eta baskularra)".

Pujol aztertu ondoren txostena idatzi zuten medikuek ere astelehenean deklaratuko dute ondorioak berresteko. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X