EUSKO JAURLARITZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritzak dio ez dagoela "arrazoi juridikorik" hizkuntza-eskakizunen gaia Konstituzionalera eramateko

"Kezkatuta" agertu dira gobernuko ordezkariak, "sektore publikoa euskalduntzeko sistema zalantzan" jartzeko arriskua ikusten dutelako.

maria ubarretxena ibone bengoetxea
Bengoetxea eta Ubarretxena, gaur. Argazkia: Irekia

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskal Enplegu Publikoaren Legearen  187.5 artikuluaren legezkotasunari buruzko kontsulta egiteko Konstituzio Auzitegira jotzea "bereziki larria" da. Ez dago horretarako "arrazoi juridikorik". Hala esan dute Ibone Bengoetxea eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, hurrenez hurren, goizean elkarrekin egin duten agerraldian. 

"Kezkatuta" agertu dira bi arduradunak euskararen judizializazioaren eta istrumentalizazioaren aurrean. Esan dute "zalantzan" jarri dela "Euskadiko hizkuntza-normalizazioaren oinarrizko zutabea, berrogei urtez baino gehiagoz indarrean eta bermatuta dagoena". Bengoetxeak azpimarratu du gai hori Auzitegi Konstituzionalera eramateak "sektore publikoa euskalduntzeko sistema guztia zalantzan jartzea" lekarkeela. "Sistema horrek zerbitzu benetan elebidunerantz pixkanaka eta proportzioan aurrera egitea ahalbidetu du", erantsi du. 

Ubarretxenaren hitzetan, "ez dago arrazoi juridikorik konstituzioarekiko kontrakotasun-auzi hori planteatzeko". Nabarmendu duenez, orain zalantzan jartzen den edukia "ez da berria",  1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legean eta 1989ko Funtzio Publikoaren Legean agertzen baita, eta "esparru hori guztia Konstituzio Auzitegiak berrikusi eta bermatu egin zuen". 

Bi sailburuek adierazi dute "euskara babestea, aniztasuna, bizikidetza eta euskara erabiltzen dutenen duintasuna babestea" direla Jaurlaritzaren helburuak.

Auziaren ibilbidea

PPk eta Voxek sektore publikoan euskararen erabilerari buruzko 19/2024 Dekretuaren aurka errekurtsoak jarri zituzten martxoan, eta, ordutik, Jaurlaritzaren iritzian, "zalantzagarriak" diren hainbat erabaki hartu ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Are gehiago, "deigarriak" egiten zaizkie Administrazioarekiko Auzien Salak hartu dituen hainbat erabaki, tartean, epaimahaiaren kideak aldatu dituztela. 

"Azaroaren 14an bi errekurtsoak metatu zituen, edukia eta irismena oso desberdinak izan arren, eta egun horretan bertan ireki zuen konstituzioarekiko kontrakotasun-auzi baterako izapidea", azaldu dute sailburuek. 

187.5 artikulua Konstituzioaren aurkakotzat jotzen bada, "dekretuaren beste artikulu batzuk eta hizkuntza-eskakizunen sistemako elementuak" aldatzeko aukera dagoela nabarmendu dute.  

Jaurlaritzak gogorarazi duenez, "ez Enplegu Publikoaren Euskal Legea ez 19/2024 Dekretua ez daude etenda, eta biek indarrean eta indar betean jarraitzen dute". 

Hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna

Bere agerraldian, Bengoetxeak "eztabaida juridikoko funtsezko bi kontzeptu" azaldu ditu, "nahasteak saihesteko": hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasuna.

Zehaztu du hizkuntza-eskakizuna lanpostuaren ezaugarri bat dela, "maila, titulazioa eta funtzioak diren bezala". Enplegu Publikoaren Legeak ezartzen duenez, lanpostu guztiak eskakizun-maila batekin sailkatu behar dira, baina horrek ez du automatikoki eskakizun hori betekizun bihurtzen. "Profil bat esleitzeak ez du inor ezertara behartzen", azpimarratu du.

Aldiz, erantsi duenez, "derrigortasunak, hau da, eskakizun horri derrigortasun-data bat esleitzeak lanpostu jakin batean, hizkuntza-eskakizun hori betekizun bihurtzen du zehazten den datatik aurrera". "Derrigortasun-data hori iraungi ez den bitartean, ezin izango da euskara-eskakizuna eskatu. Eta, kasu horietan guztietan, euskararen ezagutza merezimendutzat hartzen da sarbide-probetan".

Akordiorako deia alderdiei

Egoera horren aurrean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak alderdiei dei egin die, Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko aurkezteko ekimenen inguruan ados jar daitezen. EAJk eta EH Bilduk ekimen bana aurkeztu dute, euskararen legezkotasuna blindatzeko. Ahalik eta akordio zabalena lortzeko "ahalegina" egiteko eskatu die Bengoetxeak ordezkari politikoei. 

Zure interesekoa izan daiteke

PAMPLONA, 14/09/2026.- Los grupos que sustentan al Gobierno de Navarra han reclamado este lunes una solución urgente que permita garantizar la continuidad de las obras de duplicación de los túneles de Belate con plena seguridad jurídica y sin un coste adicional injustificado para las arcas públicas. Representantes de PSN, Geroa Bai y Contigo-Zurekin se han reunido con el Gobierno foral para conocer la situación de las obras y las alternativas que se estudian después de que quedara descartada la posibilidad de abonar mediante la figura del enriquecimiento injusto unos sobrecostes por valor de 8,5 millones de euros. Geroa Bai ha sido el grupo más duro con la acción del Gobierno y su portavoz, Pablo Azcona, ha asegurado haber salido de su reunión con el Ejecutivo "más preocupado" de lo que había entrado, ante una obra que considera "trascendental" y que se encuentra en una situación de "impás". En la imagen, la presidenta de Navarra, María Chivite, y el consejero de Cohesión Territorial, Oscar Chivite, tras finalizar la reunión en el Parlamento foral. EFE/Villar López
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Chivitek hauteskunde kutsua ikusi dio Geroa Bairi, Belateko lanen bileratik "sartu baino kezkatuago" atera zela esan ostean

Ezustean eta harriduraz hartu ditu Nafarroako presidenteak Geroa Baik atzoko bileraren ostean egindako adierazpenak. Izan ere, Gobernuko bazkideek Belateko tunelen egoera aztertzeko bart egindako bileraren ostean, Pablo Azcona bozeramaileak "sartu baino kezkatuago" atera zela esan zuen. Azpiegituraren etorkizunari buruz esan du "oraindik ez dagoela ezer itxita".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X