Sanchez talde parlamentarioekin bilduko da astelehenetik aurrera Espainiak Ukrainan izan behar duen zeregina aztertzeko
Boluntarioen Koalizioa Parisen bildu da, Ukrainan su-etena lortu eta gerra amaitutakoan egin beharrekoaz hitz egiteko. Espainiako Gobernuko presidenteak, gainera, Ukrainan soldadu espainiarrek "bake misio" batean parte hartzeko aukerari atea ireki dio.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Kongresuko talde parlamentarioen "gehiengoarekin" bilduko da astelehenetik aurrera, Ukrainan gerra amaitzen denean Espainiako Estatuak egingo duen ekarpenaz hitz egiteko.
Boluntarioen Koalizioak Parisen egindako bileraren ostean, Sanchezek hedabideen aurrean hitz egin du, eta esan du "Espainiak hasieratik" defendatu izan duela Ukraina Europar Batasunean sartzea, eta Gobernuak "helburu horretan Ukrainari eta, jakina, Europako Batzordeari laguntzen" jarraituko duela.
Azaldu duenez, goi-bileran aztertu dituzte Ukrainan su-etena indarrean sartutakoan hartu beharko diren "segurtasun neurriak", baita gerra amaitzen denean herrialdea berreraikitzeko egin beharreko lanak ere.
"Europar Batasuna eta beste herrialde batzuk, baita Ipar Amerikakoak ere, prest gaude Ukrainarentzat oparotasun pakete bat martxan jartzeko, laguntzak, maileguak, pizgarriak eta azpiegiturak berreraikitzeko laguntza-mekanismoak izango dituena, baita ekonomia dinamizatzeko eta Ukrainan, bakea lortzen denean, oparotasunari bide emateko oinarriak ezartzeko ere", adierazi du Sanchezek.
Gainera, Sanchezek atera ireki dio Espainiako militarrek Ukrainako lurraldean balizko "bake misio" batean parte hartzeari.