Gogora Institutuak Gerra Zibilean desagertutako Cosme Ayala eta Manuel Narvaez milizianoen gorpuzkiak eman dizkie familiei
Justizia sailburuak memoria demokratikoaren legeek bizikidetza eraikitzeko duten zeregina aldarrikatu du.
Eusko Jaurlaritzak gaur eman dizkie familiei 1937ko apirilean Bizkaiko gerra-fronteetan hil ziren bi milizianoren gorpuzkiak. Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratu zituzten, 2025eko uztailean.
Bilbon egindako ekitaldian, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak eta Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak Cosme Ayala Yoldi eta Manuel Hernaez Ruidiaz milizianoen familiei eman dizkiete haien gorpuzkiak.
Bi kasuetan, haien alabek emandako laginei esker identifikatu dituzte gorpuzkiak. Gaur goizean, Gogora Institutuaren egoitzan egon dira, aiten gorpuzkiak jasotzeko.
Cosme Ayala Yoldi, nafarra jaiotzez eta Barakaldoko bizilaguna, Meabe 1, Largo Caballero, batailoiko milizianoa zen, Gazte Sozialista Bateratuei atxikia. 1937ko apirilaren 27an hil zen frontean, Elorrion.
Manuel Hernaez Ruidiaz, jaiotzez errioxarra, Bilbon bizi zen, eta Ezker Errepublikanoari atxikitako Zabalbide batailoiko milizianoa zen. 1937ko apirilaren 20an hil zen frontean, Muxikan.
Bi milizianoen gorpuzkiak hobi berean aurkitu zituzten, Amorebieta-Etxanoko hilerrian, beste 28 pertsonaren gorpuzkiekin batera, 2025eko uztailean.
Gogora Institutuak argitu duenez, oro har, Amorebieta-Etxanoko hilerriko hobia bakarra balitz bezala hartzen da, baina, egia esan, eremu osoa induskatu ondoren, guztira 11 lurperatze aurkitu dituzte 157 pertsonaren gorpuzkiekin, eta horietatik 8 bakarrik identifikatu dituzte orain arte.
Bi identifikazio genetiko horiek Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programaren esparruan egin dira. Programa hori Gogora Institutuak finantzatu, kudeatu eta koordinatu du.
Bertan, San Jose sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela "iragana berreskuratzea, Gerra Zibileko eta Frankismoko desagertuak bilatzea, inoiz atera behar ez zuten lekura bueltatzeko", hori baita, horren hitzetan, "memoria egitea".
Horregatik, "memoria demokratikoaren legeen funtsezko zeregina" aldarrikatu du. "Horiek gabe Manuel eta Cosme ez ziratekeen inoiz etxera bueltatuko", esan du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik