ZALDIBARKO HONDAMENDIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zaldibarko EH Bilduko alkate ohia inputatu dute, Eitzagako zabortegiari lotutako hirigintza delituak egin dituelakoan

2020an Zaldibarko zabortegian izandako luizian hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen heriotzagatik Verter Recycling enpresako hiru arduradun zigortu zituzten. Ingurumen delituengatik zabaldutako aparteko pieza batean, ostera, Arantza Baigorri alkate ohiaz gain, bi udal arkitekto eta idazkari bat ere inputatu dituzte.

VERTEDERO ZALDIBAR EFE
Zaldibarko zabortegia. Artxiboko argazkia: EFE

Zaldibarko hondamendia gertatu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hil zirenetik sei urte betetzear dauden honetan, Durangoko epaitegiak sekretua kendu dio ingurumen delituengatik hasitako sumarioari.

Gaur elDiario.es Euskadik aurreratu eta gerora ETBk baieztatutako informazioaren arabera, Laura Yuste magistratuak Arantza Baigorri Zaldibarko alkatea ohia, bi udal arkitekto eta idazkari bat inputatu ditu. 

Hirigintzarekin lotutako ustezko prebarikazio delituengatik ikertzen ari dira 2011tik 2018ra bitartean EH Bilduren Zaldibarko alkate izan zena, aipaturiko egunkariaren arabera. 

Zehazki, lurralde antolakuntza arauen aurka zabortegiarekin lotutako hirigintza baimenen bat eman ote zuen ikertzen ari dira. 

Berria egunkariak 2023ko otsailean jasotako informazioaren arabera, Eitzagako zabortegiak 137.000 metro karratu erabiltzeko baimena zuen, baina 65.000 metro karratu gehiago erabiltzen zituen. 

EH Bilduko iturriek azaldu dutenez, "Zaldibarko Udalaren 2011tik 2019ra bitarteko jarduerak udal zerbitzu teknikoen irizpide eta gomendioen arabera garatu ziren, udal arkitektoa eta kontratatutako aholkularitza teknikoak barne, eta HAPOren aldaketa Bizkaiko Foru Aldundiak bermatu zuen inolako ñabardurarik gabe". 

"Zaldibarko Udalak hasieratik jarri zuen Ertzaintzaren eta Justiziaren esku eskatutako informazio eta dokumentazio guztia. EH Bilduk erantzukizunez, gardentasunez eta erabateko lankidetzaz jokatzen du argitu beharreko edozein jardueraren aurrean. Arantza Baigorrik ez zuen irabazi pertsonalik lortu eta, 2018an alkatetza utzi ondoren, bere lanpostura itzuli zen", gaineratu du EH Bilduk. 

Bestalde, EH Bilduk gogorarazi duenez, "prozedura ebazpen judizialen zain dago, defentsek jarduketak baliogabetzeko helegitea aurkeztu ostean". 

Zaldibarko hondamendiari buruzko aparteko pieza horretan, halaber, inputatuta daude zabortegia kudeatzen zuen Verter Recycling enpresako arduradunak, Jose Antonio Barinaga enpresaria, Arrate Bilbao konpainiaren kudeatzailea, Juan Etxebarria ingeniaria eta Geyser HPC enpresako teknikariak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X