Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaile polemikoa hil da, 73 urte zituela
Besteak beste, Bateragune auzian eta 18/98 makroepaiketan egin zen ezagun. 30 urte luzeko ibilbidean, ETAko kide zirelakoan epaitutako akusatu batzuekin izandako aurrez aurrekoengatik eta inpartzialtasun faltagatik egin zen mediatiko Murillo.
Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko (AN) epaile ezaguna hil zen atzo, ostiralarekin, 73 urte zituela, auzitegi horretako iturriek gaur jakinarazi dutenez.
30 urteko ibilbidean, Bateragune auzian eta 18/98 makroepaiketan epaile lanetan aritzeagatik ez ezik, horietan erakutsitako jarreragatik ere egin zen ezaguna Murillo; izan ere, hainbat epaiketa mediatiko gidatu zituen, ETAren eta ezker abertzaleko buruzagien aurkakoak zein Bankiaren burtsarako irteera edo narkotrafikoaren aurkako Necora auzia, besteak beste.
Murillo izan zen Auzitegi Nazionaleko Zigor-Arloko Auzitegian sartu zen eta hura zuzendu zuen lehen emakumea.
Batzuentzat, Espainiako Estatuak ETAren eta haren inguruaren aurka erabili zuen "zigorra" izan zen Murillo; besteentzat, epaileen inpartzialtasun faltaren aurpegirik agerikoena zen harena.
2011n, Jose Javier Mugica UPNko buruzagiaren kontrako atentatuaren epaiketan, eta mikrofonoa amatatuta zuelakoan, "kabroiak" deitu zien Garcia Gazteluri eta beste hiru akusatuei. Auzitegi Nazionalak auzitik alboratu zuen epailea.
Aurretik, Bateragune auziaren epaiketan, 2010ean, antzeko gertakari bat izan zen, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zigorra baliorik gabe utzi zuen epailearen inpartzialtasun faltagatik. Hainbat izan ziren Murilloren adierazpen desegokiak. Arnaldo Otegirekin izandako aurrez aurrekoa da, agian, ezagunenetako bat. Murillok ETA gaitzesten ote zuen galdetu zion ezker abertzaleko buruzagiari, eta horrek erantzuten ez zuela ikusita, honakoa esan zuen: "Banekien, bada, nik ez zenidala erantzungo". Epaiketa berean, Miren Zabaletari itaundu zion "garondoan tiroa botatzea indarkeria politikoa" ote zen.
2010ean, Jose Mari Sagarduy ETAko kideari gorazarre egiteagatik auzipetuta zegoen Arnaldo Otegirekin beste aurrez aurreko bat izan zuen Murillok. Orduko hartan, ezker abertzaleko buruzagia gose greban zegoen, eta Jone Goirizelaia abokatuak epaileari galdetu zion akusatuak ura edaterik ote zuen. "Ardoa edaten badu ere, niri bost", erantzun zuen orduan Murillok.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik