Modu berezian gogoratuko dituzte gaur martxoaren 3ko biktimak Gasteizen, sarraskiaren 50. urteurrenean
Ekitaldi nagusia 17:00etan egingo da, Zaramaga auzoan dagoen monolitoan, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek antolatuta. Ondoren, 18:30ean, martxa bat egingo dute Katedral Berritik Andre Maria Zuriaren plazaraino. Goizean, berriz, Gogora institutuak deituta, ekitaldi instituzionala egingo da.
Zaramaga auzoko monolitoa. Argazkia: Europa Press
Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurren guzti-guztiak dira bereziak biktimentzat, baina aurtengoa are sentituagoa izango da. 50 urte bete dira Espainiako Poliziak San Frantzisko Asiskoaren elizan bilduta zeuden langileen aurka egin eta bost langile tiroka hil zituenetik. Ehun pertsona baino gehiago zauritu zituzten.
Urtero bezala, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda hildako langileen omenez Zaramaga auzoan jarrita dagoen monolitoa izango da omenaldien topaleku nagusia. Bertan, askotariko gizarte eragileek eta ordezkari politikoek lore-eskaintzak egingo dituzte.
Besteak beste, han izango dira Aitor Esteban (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Javier Hurtado (PSE-EE) eta Irene Montero (Podemos). EH Bilduk jakinarazi du Sinn Fein Irlandako alderdiaren ordezkariak ere bertaratuko direla.
Martxoak 3 elkarteak (ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuekin elkarlanean) antolatutakoa izango omenaldi nagusia, 17:00etan, eta herritar orori zabalduta dago. Ondoren, 18:30ean, martxa bat antolatu dute Katedral Berritik —orain 50 urte han egin ziren hildako langileen aldeko hileta elizkizunak— Andre Maria Zuriaren plazaraino. Ekitaldi batekin emango diote amaiera.
Goizean, berriz, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ekitaldi instituzionala antolatu du, Imanol Pradales lehendakaria buru dela. Horretara ere, erakundeen, alderdien eta sindikatuen ordezkaritza zabala joango da, sarraskiko biktimekin eta horien senitartekoekin batera. Hitzordua 10:00etan izango da, Goiuriko jauregian.
Bestalde, Mugimendu Sozialistak, batetik, eta Ikama eta Ernai gazte antolakundeek, bestetik, hainbat mobilizazio deitu dituzte.