BOZAK IPAR EUSKAL HERRIAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Parte-hartzea % 27koa izan da 12:00etan Pirinio Atlantikoetan, duela sei urtekoaren parekoa

08:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak. Bi itzuliko hauteskundeak izan arren, udal gehientsuenetan, % 90ean, lehen itzulian erabakita geldituko da nor izango den auzapeza eta nortzuk izango diren herriko kontseilariak.

Emakume bat, Baionako hautesleku batean boto-paperak hartzen. Argazkia: EITB

Prefeturak emandako datuen arabera, parte-hartzea % 26,74koa izan da 12:00etan Pirinio Atlantikoetako udal hauteskundeetan. Parte-hartzea duela sei urteko bozetan ordu berean izandakoaren antzekoa izan da (% 26,40koa izan zen orduan) eta 2014koa hobetu du (% 25,62koa izan zen). Frantziako Estatuko parte-hartzearen datuekin alderatuta, berriz, nabarmen altuagoa da (herritarren % 19,37k baino ez dute bozkatu estatu osoan ordu horretarako). 

Hauteslekuak 08:00etan zabaldu dituzte, eta 18:00ak arte egongo dira irekita. Guztira, 160 auzapez aukeratuko dituzte bozetan. Frantziako Estatuko udal hauteskundeek bi itzuli izan ohi dituzte, baina Ipar Euskal Herriko udal gehientsuenetan, % 90ean, lehen itzulian erabakita geldituko da nor izango den auzapeza eta nortzuk herriko kontseilariak. Izan ere, udal gehienetan hautagaitza bakarra (116 udalerritan) edo bi (30 udalerritan) izango dira aukeran, eta nahikoa izango dute gutxieneko boto-kopurua lortzea. Litekeena da 15 bat herritan, Baionan, Biarritzen eta Angelun esaterako, bigarren itzulia behar izatea.

Auzapezak eta udal kontseilariak hautatzeaz gain, Euskal Hirigune Elkargoko kideak ere aukeratuko dituzte.

Lehia estua espero da Baionan

Hautagaiek bozkatzeko deia egin diete herritarrei, eta badirudi interesa piztu dutela, boto-emaileen joan-etorria nabarmena izan baita. 

Baionan, agintaldia hirugarrenez errepikatu nahian aurkeztu da Jean Rene Etchegaray zentrista. Kazetariei aitortu dienez, "lasai" dago, boto-emaileek baitute azken hitza. Guztira, bost zerrenda lehiatuko dira Lapurdiko hiriburuan: Etchegarayrena; ezkerra, hiru hautagaitzatan banatua, eta eskuin-muturrarena (ipar Euskal Herrian, bakarra). Hori horrela, agerian da bigarren itzulia erabakiko dela auzapezgoa. 

Kanbo (Lapurdi) da beste arretaguneetako bat. Izan ere, Peio Etxeleku jeltzalea egungo alkatearen zerrendatik irten eta hautagaitza propioarekin aurkeztu da. Ezkerreko zerrenda abertzalearekin, hiru hautagai izango dira lehian. Etxelekuk nabarmendu duenez, "30 urteotan ez da halakorik gertatu (hautagaitza bat baino gehiago izatea) eta badirudi interesa sortu dugula". Etxelekuk Euskal Hirigune Elkargoaren burua ere jokatu nahi dio Etchegarayri, eta alkate izatea erabakigarri izango da. 

Biarritzen sei hautagaitza izango dira parez pare. Maider Arosteguy kontserbadorea alkatetzan jarraitzeko itxaropentsu agertu da, baita "lasai" ere, adierazi duenez. 

 

Arosteguy Biarritzeko egungo alkatea bozkatzen. Biarrizko egungo auzapeza, Arosteguy, boza ematen.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Garmendiak uste du aireportuen inguruan akordioa egongo dela, baina baztertu egin du Pasaiako Portua desklasifikatzea

Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren esanetan, "akordioa lortuko da" EAEko aireportuak kudeatzeko aldebiko erakunde bat sortzearen inguruan. Bestelako iritzia plazaratu du Pasaiako Portuaren harira, eta baztertu egin du interes orokorreko sailkapena kentzea. Izan ere, klasifikazio hori kentzeak portua "degradatu egingo luke eta dituen 400 lanpostu zuzenak arriskuan jarriko lituzke".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X