UDAL HAUTESKUNDEAK IPARRALDEAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan

Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.

baiona udal hauteskundeak hautagaiak

Udal bozen lehen itzuliaren ondoren, Ipar Euskal Herriko herri askotan erabakita gelditu da herriko etxeen osaketa. 158 udalerritan egin ziren atzo hauteskundeak, eta 147tan datozen sei urteotako auzapeza nor izango den badakite.

Hiri edo herri nagusietan baina, inork ez du behar adinako alderik atera aginte makila eskuratzeko. 11 udalerritan joan beharko dute bigarren itzulira; besteak beste, Baiona, Miarritze, Kanbo, Maule eta Hendaian. Horietan, datorren igandean, martxoaren 21ean, zabalduko dituzte berriro hauteslekuak. 

Baiona

Lapurdiko hiriburuan, Baionan, Jean-Rene Etchegarayk (Baiona, funtsezkoa zuek zarete!, zentroa eta eskuina) lortu du babes gehien; haren atzetik geratu ziren Jean-Claude Iriart (Baiona Mugimenduan, ezkerreko abertzaleak barne dituen zerrenda)  eta Henri Etcheto (Bayonne tout simplement !).  

Bozen biharamunean, bigarren itzulira pasatu diren ezkerreko bi taldeek (Iriarten eta Etchetoren zerrendak) goizean abiatu dituzte negoziazioak, eta erabakigarria izango da horiek hartuko duten bidea. Datorren igandeko bueltara batuta joatea erabakitzen badute, Etchegarayri aurrea hartzeko aukera izan baitezakete. Halere, euren arteko desadostasunak hain dira handiak, non zaila dirudien aukera horrek. Bihar arratsaldera arteko tartea dute negoziatzeko. 

Bere aldetik, Etchegaray pozik eta lasai agertu da emaitzekin. "Hipotesi guztiak zabalik daude, baina alde nabarmena atera diet eta aste honetan lan handia dugu egiteko", esan du. 

baiona udal hauteskundeak

Biarritz

Biarritzen ere, atzo iluntzetik, telefono dantza handia dabil ezker-eskuin, balizko akordioen bila. Aurkeztu diren sei zerrendetatik bostek jarraitzen dute lehian, eta aukera asko zabaldu dira, herriko etxeko batza berria osatzeko.

12 botoko aldea atera zion Serge Blanco (Nire taldea Biarritz da !) errugbi jokalari ezagunak Maider Arosteguy (Bizi Biarritz elkarrekin) egungo auzapezari. Hala, lehia estua aurreikusten da bigarren itzulian.

Hirugarren postuan geratu den Ana Ezkurraren (Biarritz Berri) ezker abertzaleko alderdiak jada aurreratu du ez dutela Arosteguy babestuko. "Baditugu gure marra gorriak eta nahi ditugu segurtatu. Ikusiko dugu norekin eta zer", adierazi du Beñat Jauregi zerrendakideak. 

Arosteguy, berriz, prest dago macronistekin akordioa erdietsi eta elkarrekin aurkezteko hurrengo bueltara. 

biarritz udal hauteskundeak

Hendaia

Hendaiari dagokionez, lehen hiru postutan geratu diren hiru hautagaiek  —Kotte Ezenarro (Hendaia Elgarrekin), Laetitia Navarron (Hendaia Biltzen) eta Tristan Proteau (Bizi Hendaian)— dagoeneko aurreratu dute ez dutela koaliziorik egingo. 

Kanbo

Bestelakoa da egoera Kanbon. Han, hasi dira elkarrizketak eta negoziazioak. Garaile atera zen Peio Etxeleku (Kanbo Elkartu) jeltzalearekin hitz egiteko prest agertu da hirugarren tokian geratu den Argitxu Hiriart-Urruty (Nahi Dugun Herria) ezkerreko taldearen zerrendaburua. 

kanbo udal hauteskundeak

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X