Aldebiko batzordearen laugarren bilera

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pradales Sanchezekin bilduko da gaur Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertzeko

Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa izango dira landuko dituzten beste gai batzuk. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko batzordearen laugarren bilera egingo dute gaur, ostiralean, Moncloan.

Pedro Sanchezen eta Imanol Pradalesen arteko bilera

Pradales eta Sanchez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Imanol Pradales lehendakaria Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin bilduko da gaur Moncloan, Aldebiko Lankidetza Batzordearen harira. Horretan, Irango gerrak euskal enpresa eta familietan izan duen eraginari, migrazioari (Euskadi “iparraldeko muga” gisa hartzeko eskaera) eta medikuen grebari buruz hitz egingo dute, baita oraindik egiteke dauden transferentziei eta Tubos Reunidosen egoerari buruz ere.

Joan den asteartean, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nazioarteko gatazkaren ondorioekiko “kezka handia” nabarmendu zuen, eta adierazi ere lehendakariak aldez aurretik planteatutako neurri dekalogo bat helaraziko diola Sanchezi.

Osasungintzari dagokionez, ohartarazi zuen medikuen greba arazoak sortzen ari dela sisteman: “Hilean astebeteko greba izateak itxarote-zerrendak luzatzen ari dizkigu, arazo bat sortzen ari zaigu Osakidetzan”, eta kritikatu zuen Monica Garcia ministroa “ez dela erantzuten ari”, eta horrek egoera “enkistatzen” duela.

Migrazioaren arloan Euskadi “iparraldeko muga” gisa aldarrikatzea eta Tubos Reunidosen zorra berregituratzea ere izango dituzte hizpide gaurko bileran.

Azken bileraren ondorioak

Ubarretxena pozik agertu zen duela bi aste, Espainiako Gobernuak Madrilen dituen ordezkariekin aldebiko azpibatzordean izandako bileraren ostean, eta aireportuen kudeaketaren arloan "akordio garrantzitsuak" lortu zituztela iragarri zuen.

Orduan azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak hobetu egin zuen aurkeztutako proposamena, eta hitzemandako akordioak sinatuko den dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke". Ubarretxenak aurreratu zuen lehendakaria eta Espainiako Gobernuko presidentea Aste Santua baino lehen elkartuko zirela, eta litekeena dela EAEko aireportuak kudeatzeko behin betiko akordioa sinatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X