ABERRI EGUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EH Bilduk esan du "lasai" baina "sendo eta irmo" jardungo duela, Euskal Errepublika helburu

Iruñean ospatu du ezker independentistak Aberri Eguna. Milaka pertsonak parte hartu dute Nafarroako hiriburuko erdigunea zeharkatu duen manifestazioan. Horren ostean, Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusiak esan duenez, "lasaitasunez eta herriaren oxigenoarekin, gailurrera helduko gara". 

18:00 - 20:00

"Zazpiak bat egin" lelopean, Iruñean ospatu du EH Bilduk Aberri Eguna, aurreko urteotan bezala. Eguerdian, manifestazio jendetsua egin dute Golem zinemetatik abiatuta, eta Nafarroako hiriburuko erdigunea zeharkatu ostean, Taconera parkean bukatu dute mobilizazioa, Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren hitzaldiarekin. 

Ezker subiranistaren buruzagiak gogorarazi du estatu propio bat dutela helburu, Euskal Errepublika, eta gaur egun, "ezegonkortasunaren, arduragabekeriaren eta arinkeriaren aroan, sendotasuna eta irmotasuna" aldarrikatu ditu. “Urrutitik gatoz, poliki goaz, eta urrutira begiratzen dugu, Euskal Errepublikara”, erantsi du.

Dena dela, ohartarazi duenez, Euskal Herriak "urrats kualitatibo" hori egiteko bidean, baliteke "autoritarismoak atzera eginaraztea, baina gu prestatuta gaude, lasaitasun guztiarekin diogu, helduko gara gailurrera", nabarmendu du irmo. 

Otegik Everesten gailurra harrapatu zuen euskal espedizioaren balentria hartu du ahotan, eta metafora gisa erabili du hitzaldi guztian. Azaldu duenez, orain EH Bilduren helburua da "oinarrizko kanpamentua igotzea", eta bide horretan, gailurra xede, "aklimatazio kanpamentuak" egongo direla argitu du, "herri hau gobernatu eta egoerara aklimatatzeko". Hori, azpimarratu duenez, "herriaren oxigenoari esker" lortuko du EH Bilduk. Dena dela, azken helburua "Euskal Herri laiko, feminista, sozialista eta demokratikoa" lortzea dela esan du, eta hori lortzeko "antsietaterik ez" dutela ohartarazi du. "Helduko gara", gaineratu du. 

"Guk ez dugu gobernuetan egoteagatik egon nahi, herri hau gobernatu nahi dugu, politika publikoak aldatu nahi ditugu. Gure Euskal Herri horretan ez dago adiskidekeriarentzako eta klientelismoarentzako lekurik. Akaso horregatik ez gaituzte euren exekutiboetan nahi", arrazoitu du. 

Jendetza bildu da gaur Iruñean. Jendetza bildu da gaur Iruñean. EFE

EH Bilduko idazkari nagusiaren aburuz, euskal herritarrek “gero eta gehiago partekatzen dituzte gure printzipioak eta balioak”. Aitortu duenez, "oso harro" dago Euskal Herria izan delako greba feminista bat egin duen lehena, gutxieneko soldata handiagoa eskatzeko greba orokorra egin duena. Ildo beretik, Korrikan izandako parte hartze zabala edo Euskal Selekzioa-Palestina futbol partidan euskal jendarteak palestinar herriarekiko erakutsitako elkartasuna txalotu ditu.

Arlo sozialean, politika ekonomiko eta sozialak erdigunean jartzea defendatu du eta oinarrizko eskubideak bermatzea, hala nola hezkuntza, osasuna eta etxebizitza, eta aberastasunaren sorrera eta banaketa bidezkoa bultzatzea. “Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten guztiak duintasunez eta segurtasunez bizitzeko herri justu eta zintzoa izan nahi dugu”, esan du.

Gerrari ezetz esatea eta autoritarismoari galga jartzea izan dira Otegiren hitzaldiaren beste bi ardatz nagusiak. Horren adierazle, kubatar batek eta palestinar batek ireki dute manifestazioa, Picassoren Guernica margolanaren txoria eskuetan zutela.

Espainiako Estatuko hainbat indar subiranista eta ezkertiarrek (ERC, Compromis, BNG, CUP, Mes Per Mallorca, Mes Per Menorca, Comunistes de Catalunya, Catalunya en Comu, Adelante Andalucia eta Mas Madrid) babesa erakutsi diote gaur EH Bilduri, eta ordezkaritza bana bidali dute manifestaziora. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X