Auzitegi Nazionala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Rajoyren Gobernuko Barne Ministerioko buruzagitza akusatuen aulkian eseriko da gaurtik aurrera, Kitchen auziagatik

Fernandez Diaz Barne Ministerioaren buru zen, Fiskaltzaren arabera, 2013an Gurtel auziko frogak lortzeko Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren esku "legez kontrako inteligentzia operazio bat" egitea pentsatu zutenean, eta, horrela, epailearen esku geratzea "saihesteko".
Audiencia Nacional
Auzitegi Nazionala. Artxiboko argazkia: Europa Press

Gaur hasiko da Auzitegi Nazionalean Kitchen auzia izenarekin ezaguna den espioitza operazioari lotutako epaiketa. 2013an, Mariano Rajoy Espainiako presidente zela, Barne Ministerioko buruzagitzak PPko diruzain Luis Barcenasen aurka antolatutako espioitza afera epaituko dute, hain zuzen ere.

Izan ere, Gurtel auziari lotuta, alderdiaren eta PPko buruzagien inguruan Barcenasek izan zitekeen isilpeko informazioa lapurtzeko asmoz abiatu zuten aipatu operazioa.

Gertakari horiengatik, 15 urteko kartzela zigorra eta 33 urteko gaitasungabetzea eskatu zuen Barne ministro ohi Jorge Fernandez Diazen aurka —10 auzipetuetako bat—, estalketa delitua, dirua bidegabe erabiltzea eta intimitatea urratzea egotzita.

Akusazio idatzian, Fiskaltzak ustezko operazio horren zirriborroa egin du, eta 2013. urteko lehen seihilekoan kokatu du operazioa. "Barne Ministerioaren goi kargudunen artean—Jorge Fernandez Diaz, Francisco Martinez eta Eugenio buru—sortu zen legez kontrako inteligentzia operazio bat martxan jartzeko ideia", azaldu dute.

"Operazio horren helburua zen garai hartan Auzitegi Nazionala ikertzen ari zen Gurtel auziaren harira PPren irudia eta bere buruzagiak kaltetu zitzaketen informazioak eta froga materialak eskuratzea", erantsi dute.

Zehazki, Barcenasek zituen artxiboak ostu nahi zituzten, PPko diruzain ohia auzi horretan nahastuta baitzegoen.

Bestalde, 19 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskaltzak Jose Manuel Villarejo polizia ohiarentzat, eta 12 urte eta 5 hilabetekoa Sergio Javier Riosentzat (Barcenasen txoferra).

Martin Blasen kasuan —Poliziaren Barne Gaietako buruzagi zena— Ministerio Publikoak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen. 

Auzipetuen artean daude, halaber, Jose Angel Fuentes Gago eta Bonifacio Diez polizia inspektoreak, eta baita Jose Luis Oliveira komisarioa ere. Fiskaltzak, baina, hiru lagun horien auziak artxibatzea eskatu zuen, froga nahikorik ez zuela ikusita.

Epaiketan, herri akusazio gisa daude deituta PSOE eta Podemos, eta akusazio partikular gisa Barcenas, haren emazte Rosalia Iglesias eta beren seme Guillermo. Apirilaren 20an deklaratuko dute, hain justu, senar-emazteak.

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X