Koldo Garciak “tentel” deitu dio Aldamari, eta epaiketa “lehertuko” duten frogak aurkeztuko dituela esan du
Jose Luis Abalosen aholkulari ohiak audio bat bidali du Telecincora, eta bertan adierazi du “erabat errugabeak” direla frogatuko dutela.
Jose Luis Abalos ministro ohia eta Koldo Garcia aholkulari ohia, akusatuen aulkian. Argazkia: EFE
Koldo Garciak “tentel” eta “gezurti” deitu dio Victor de Aldamari, eta epaiketa “lehertuko” duten frogak aurkeztuko dituela adierazi du, kartzelatik bidalitako audio batean.
Audioa La Mirada Critica saiora bidali du Garciak, eta epaiketa hasi den egunean argitaratu da. Bertan, “lasai” dagoela esan du, eta egoera “zaila” dela onartu arren, “gauzak benetan” frogatuko dituela azpimarratu du, beste batzuek —Aldamari erreferentzia eginez— zabaldutako “fantasiak” ez bezala.
Frogak asmatzea leporatu dio
Garciaren hitzetan, Aldama “gezurtia” da, eta “frogak asmatzen” ditu. Hala ere, ohartarazi du berak badituela “epaiketa lehertzeko” moduko beste froga batzuk.
Gainera, bi aldiz “tentel” deitu dio enpresariari, eta adierazi du esan duen egia bakarra dela “ez dakit zenbat milioi euro lapurtu” dizkiola espainiarrei, “haien kontura bizitzeko”. “Niri ez dit inoiz ezer eman. Ez dago hori frogatzen duenik", gaineratu du.
Halaber, Poliziari lanean jarraitzen uzteko eskatu dio, eta errugabea dela defendatu: “Erabat errugabeak garela frogatuko dugu”.
Epaiketa
Auzitegi Gorena astearte honetan hasi da epaitzen Jose Luis Abalos ministro ohia, haren aholkulari ohia Koldo Garcia eta Victor de Aldama enpresaria, pandemiaren garaian Garraio Ministerioak esleitutako maskaren kontratuetan izandako ustezko irregulartasunengatik. Fiskaltzak eskatu du Abalosi 24 urteko espetxe zigorra ezartzea; 19 urte eta erdikoa, Koldori, eta 7 urtekoa, Aldamari.
Abalos eta Garcia behin-behineko espetxealdian daude joan den azaroaren 27tik, eta errugabe direla diote; defentsa idatzietan ukatu egin dute deliturik egin izana.
Apirilaren 7tik 30era bitartean, 70 lekukok baino gehiagok deklaratuko dute Auzitegi Gorenean. Hiru auzipetuek amaieran deklaratuko dute, seguruena, apirilaren 28an.