Carmen Panok Aldamaren aginduz Ferrazen 90.000 euro entregatu zituela berretsi du Gorenean
Enpresariak esan du 45.000 euroko bi ordainketa eraman zituela PSOEren egoitzara, eta Abalosek hidrokarburoen lizentzian egindako kudeaketengatik “etxe bat" nahi zuela adierazi du.
Carmen Pano enpresariak ostegun honetan Auzitegi Gorenaren aurrean adierazi duenez, 90.000 euro entregatu zituen PSOEren egoitzan, esku diruta, Madrilgo Ferraz kalean, Victor de Aldama enpresariak hala eskatuta. Lekukoaren arabera, 45.000 euroko bi entrega egin zituen, eta ez daki norentzako ziren, ezta ordainketa horien arrazoia zein zen ere.
Pandemia garaiako maskaren salerosketetako eskupekoen tramaren epaiketan lekuko gisa deklaratu du Panok, eta azaldu du bi kasuetan eraikineko bigarren solairuan zain zuen pertsona batek egin ziola harrera. Enpresariak adierazi du mesede pertsonal gisa hartu zuela Aldamaren eskaera, eta hark eskatu ziola entrega egitea, ezin baitzen joan.
Gainera, Panok baieztatu du Aldamak jakinarazi ziola Jose Luis Abalos ministro ohiak “etxe bat" nahi zuela Villafuel enpresarako, hidrokarburoekin jarduteko lizentzia lortzeko bitartekari lanak egitearen truke. Adierazi duenez, La Alcaidesan (Cadiz) txaleta erosi zuten helburu horrekin, baina azaldu du asmo hori bertan behera gelditu zela, Abalos Gobernutik atera ostean.
Leonor Gonzalezek, Carmen Panoren alabak, amaren testigantzaren zati bat babestu du eta adierazi du uste zuela Aldamaren enpresarako lizentzia lortzea Abalosek Espainiako Gobernuan jarraitzearen menpe zegoela.
Bestalde, Enrique Martinez Logirail enpresa publikoaren gerente ohiak ere deklaratu du, eta Gorenaren aurrean esan du Koldo Garcia ministerioko aholkulari ohiaren bi dei jaso zituela, “mehatxu” tonuan, Claudia Montesek, Abalosen inguruneari lotutako langun minak, enpresa barruko tratu txarrak salatu ondoren.