Feijook zentsura mozio instrumental baten alde egiteko eskatu die EAJri eta Juntsi, “erakundeak garbitu eta hauteskundeak deitzeko”
Voxik gabeko Gobernua proposatu du buruzagi popularrak, "erakundeak garbitzeko" eta hautetsontzietara deitzeko. "Hauteskundeak deitzeko ez dugu behar Vox Gobernuan egotea", adierazi du.
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagia; artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Alberto Núñez Feijoo PPren presidenteak berriro eskatu die EAJri eta Juntsi Pedro Sanchez kargutik kentzea helburu izango lukeen zentsura mozio bat babesteko. Oraingoan, baina, proposamen zehatza egin die: zentsura mozio instrumentala aurkeztea, "erakundeak garbitu eta hauteskundeak deitzeko".
PPren presidenteak astelehen honetan zehaztu du proposamena, eta nabarmendu du Vox ez litzatekeela behin-behineko gobernu horren parte izango. "Hauteskundeak deitzeko ez dugu Vox gobernuan egotea behar", adierazi du.
PPko buruzagiak, baina, adierazi du ondorengo hauteskundeetan “espainiarrek erabakiko dutela” PP eta Voxen arteko Gobernua nahi ote duten.
“184 diputatuk nahi dute hauteskundeak deitzea. Gehiengo absolutua osatzeko behar direnak baino zortzi gehiago dira. Hori diotenek koherentziaz jokatzen badute, irtenbide bat aurki dezakegu denbora gutxian", adierazi du.
Dena den, PPko buruzagiak argitu du ez duela zentsura moziorik aurkeztuko beharrezko babesak ziurtatuta ez baditu. Haren ustez, horrek PSOEri lotutako ustelkeria auzietatik arreta aldentzea eta "elkarrizketaren gaia aldatzea" ekarriko luke.
EAJri eta Juntsi zuzendutako mezua
Hala, Feijook EAJren eta Juntsen esku utzi du erabakiaren ardura. "Nik neure erantzukizuna hartuko dut, eta ez ditut hartuko ez dagozkidanak. Gobernuaren bazkideek zer egingo duten ikusteko interes handia dut", adierazi du.
Egungo egoera "kritikotzat" jo du Feijook, eta legealdia "agortuta" dagoela nabarmendu du. "Zer pentsatzen dute EAJren eta Juntsen hautesleek? Gainerako herritarrak bezain haserre daude. Bazkideek erabaki egin behar dute", gaineratu du.
PSOEren lurralde buruzagiei deia
Bestalde, Feijook PSOEren lurralde arduradunei ere eskatu die Sanchez kargutik kentzeko urratsak egin ditzatela. "Sozialistei urratsak egin ditzaten eskatzen diet. Hau ez da Feijooren kontu bat. Ehunka alkate daude, autonomia erkidegoetako diputatuak ere bai, eta bizpahiru presidente autonomiko geratzen zaizkie", esan du.
Hauteskundeak deitzeko epeak
Legez, bi baldintza bete behar dira zentsura mozio baten ondoren hauteskundeak deitzeko. Batetik, gutxienez urtebete igaro behar da Gorteak azken aldiz desegin zirenetik. Baldintza hori beteta dago, 2023ko uztaileko hauteskundeetatik ia hiru urte igaro baitira.
Bestetik, hauteskundeak egiteko gutxienez 54 eguneko epea behar da. Horrenbestez, zentsura mozio instrumental baten ondorioz presidentea izendatuko balitz, Feijook gutxienez denbora hori egin beharko luke karguan hauteskundeak egin aurretik.
Hala ere, Feijook iradoki du hauteskundeak berehala deitu aurretik gobernuan denbora batez jardun lezaketela, "erakundeak garbitzeko".
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik