Klima larrialdiari aurre egiteko estatu ituna "lehentasun nazionala" dela adierazi du Sanchezek
Espainiako gobernuburuak babesleku klimatikoen sarearen aurkezpenean adierazi duenez, alderdi politikoei eta eragile sozialei behin eta berriz eskatuko die klima larrialdiari aurre egiteko estatu itunera batu daitezela.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, gaur, astelehena, babesleku klimatikoen sarearen aurkezpenean, klima larrialdiari aurre egiteko estatu itunaren beharra azpimarratu du. Azaldu duenez, ez da nekatuko "gainerako indar politikoei, gainerako eragile sozialei, behin eta berriz, estatu itunarekin bat egiteko eskatzeaz". "Hori baita lehentasun nazionala", gaineratu du.
"Muturreko fenomenoen aurrean, estatu ituna. Desberdinkerien aurrean, estatu ituna. Negazionismoaren eta ekintza faltaren aurrean, estatu ituna", adierazi du Sanchezek, Espainia astintzen ari diren suteak ahotan.
Babesleku klimatikoak aurkezteko astelehen honetan egin duen hitzaldian, suteen ondorioz ebakuatu eta konfinatu dituzten herritarrak gogoan izan ditu, baita suaren aurkako borrokan bizia arriskuan jartzen ari diren profesionalak ere.
Sanchezek emandako datuen arabera, urtea hasi zenetik izandako suteen ondorioz 150.000 hektarea inguru kiskali dira eta 13 pertsona hil.