Pertur omendu dute Irunen, haren desagertzearen 50. urteurrenean
"Pertur. Egia nahi" lemapean, ETA politiko-militarreko buruzagi izandakoaren senideek gogorarazi dute kasua ez dela preskribatu, eta ikertzen jarraitzeko eskatu dute.
Perturri omenaldia egin diote gaur Irunen. Argazkia: EFE.
Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur, ETA politiko-militarreko (pm) buruzagi izandakoari omenaldia egin diote gaur Irungo Etorbideko Zubian, Memoria Demokratikoaren Leku izendatutako tokian. "Pertur. Egia nahi" lelopean, duela 50 urte desagertu zen etakidearen senideek gogorarazi nahi izan dute kasua ez dela preskribatu.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, EAJko hainbat ordezkari, hala nola Xabier Barandiaran legebiltzarkidea, Eneko Goia Donostiako alkate ohi eta Sabino Arana Fundazioaren egungo kolaboratzailea, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusia, Elkarrekin Podemoseko kideak, Joxean Agirre ezker abertzaleko kide historikoa, Mariasun Lasa (Joxean Lasaren arreba) eta Martxelo Otamendi kazetaria.
Bestalde, omenaldia Xabier Euzkitzek aurkeztu du, eta Andoni Egaña eta Jon Sarasua bertsolariek parte hartu dute, baita Petti kantariak ere. Era berean, 'Pertur. Egia nahi' dokumentua irakurri dute euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Gertatutakoari buruzko espekulazioetan eta hipotesietan sartu gabe, ekitaldiaren antolatzaileek egia jakiteko eskubidea aldarrikatu dute, eta, horregatik, gertatutakoari buruzko informazio fidagarria duten pertsona guztiei dei egin diete.
Halaber, bost hamarkada hauetan egin ez diren ikerketak egiteko eskatu dute.