Espainiako Gobernuak indultu partziala eman dio Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari
Kataluniako Letren Institutuaren zuzendari zen garaian hainbat kontratu publiko modu irregularrean esleitzeagatik lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Kataluniako Auzitegi Nagusiak, baina auzitegiak berak indultua emateko eskatu zuen, espetxera sartzea saihesteko. 13 urteko inhabilitazioa eta 36.000 euroko isuna ere ezarri zizkioten, eta zigor horiek ez dizkiote kendu.
Espainiako Ministroen Kontseiluak indultu partziala eman dio astearte honetan Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari, eta bi urtera murriztu dio Kataluniako Justizia Auzitegiak prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatuta ezarri zion lau urte, sei hilabete eta egun bateko kartzela zigorra. Ondorioz, ez du espetxera joan beharko.
Kataluniako Letren Institutuaren zuzendari zen garaian hainbat kontratu publiko modu irregularrean esleitzeagatik, espetxe zigorra ez ezik, 13 urteko inhabilitazioa eta 36.000 euroko isuna ezarri zizkion Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak. Indultu partziala gorabehera, azken bi zigor horiek ez dizkiote kendu.
Justizia Ministerioak azaldu duenez, Kataluniako Justizia Auzitegiak epaian bertan egindako indultu eskaera partzialki onartu du, Borras espetxera joan ez dadin.
Bere ohorea defendatzen jarraituko duela azpimarratu du Borrasek
Erabakiaren berri izan bezain pronto, Borrasek adierazi du indultua gorabehera bere ohorearen alde borrokan jarraituko duela.
X sare sozialean argitaratutako mezuan azaldu duenez, amesgaiztoa ez da amaituko auzitegi batek injustizia jasan duela aitortzen dion arte.