Espainiako Gobernuak asilo legea eta atzerritarrei buruzko legearen erreforma onartu ditu, Ceutako migrazio-krisiaren ostean
Testuek "ikuspegi bermatzailea" dute eta migratzaileen giza eskubideak errespetatzen dituzte. Halaber, Espainiako esparru juridikoa Migrazioaren eta Asiloaren Europako Itunera egokitu dute.
Ministroen Kontseiluak lehen itzulian onartu ditu asilo legearen eta atzerritarrei buruzko legea aldatzeko aurreproiektuak, Espainiako legedia 2024an onartutako Europako Migrazio eta Asilo Itunera egokitzeko.
Uztailaren amaieran Ceutan izandako migrazio-krisiaren ondoren onartutako testu horien helburua da "babes-sistema arinagoa, eraginkorragoa, ordenatuagoa eta bermatzaileagoa" sortzea, migrazio-errealitate berriari erantzuteko, eskatzaileen eta onuradunen bermeak murriztu gabe.
Asilo Legearen berritasunen artean, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak nazioarteko babesaren, errefuxiatuen estatutuaren eta babes subsidiarioaren definizioak eguneratu dituztela nabarmendu du. Horrez gain, berariaz jasoko dira generoagatik, genero-identitateagatik edo -adierazpenagatik eta desgaitasunagatik egiten diren jazarpenak.
Zertan datza mugako prozedura berria?
Legeak hiru bide ezarriko ditu nazioarteko babes-eskaerak izapidetzeko: azterketa-prozedura arrunta, azterketa-prozedura azeleratua —hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da— eta mugako prozedura berria.
Azken hori, Europako araudiak aurreikusia eta kasu jakin batzuetan nahitaezkoa, gehienez ere 12 astean ebatzi beharko da. Epe horretan, eskatzailea Espainiako agintarien esku egongo da.
Marlaskaren arabera, neurri hori herrialdean formalki sartzea baimendu aurretik aplikatuko den zuhurtasun-neurria da, eta nazioarteko babes-eskaera ukatuz gero, itzulera erraztuko du.
Zer da triajea?
Atzerritarren Legearen erreformak triajearen figura txertatuko du mugako kontrolak igaro gabe Espainiara iristen diren pertsonentzat. Prozesuak azterketa medikoa, zaurgarritasunaren ebaluazioa, identifikazioa, datu biometrikoak hartzea, segurtasun-ikuskapena eta kasu bakoitzean dagokion prozedurara bideratzea barne hartuko ditu.
Europako erregelamenduak prozesu horrek zazpi egun arte irautea ahalbidetzen badu ere, Espainiak 72 orduko epea ezarriko du, eta erabaki judizial bidez baino ezin izango da luzatu. Horrela, atzerritarrak polizia-instalazioetan egon behar duen denbora ezinbesteko gutxienekora mugatu nahi da.
Erreformak, halaber, Europako Itunaren mekanismoak ere jasotzen ditu, nazioarteko babesa jasotzeko eskubiderik ez duten eta modu irregularrean iritsitako pertsonen kasuak gehienez 12 asteko epean izapidetzeko.