Podemosek ez du Fronte Zabalean parte hartuko eta ERCrekin lorturiko akordiora batzeko deia egin du
Ostiralean amaitzen da koalizioak aurkezteko epea. Podemosek berretsi du prest dagoela Sumar osatzen duten alderdiekin negoziatzeko, horiek koalizio moreak ERCrekin lortu duen akordiora bildu daitezen. Halaber, hauteskunde primarioak egitea defendatu du.
Azaroaren 29ko hauteskunde orokorrei begira, PSOEren ezkerreko alderdiek negoziatzen jarraitzen dute. Izan ere, datorren ostiralean amaitzen da koalizioak aurkezteko epea. Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak astearte honetan adierazi duenez, alderdi moreak Gabriel Rufian ERCko bozeramailearekin "taldea" egingo du, eta atea ireki die Sumar osatzen duten alderdiei bertara bildu daitezen.
Podemosek eta ERCk Kataluniako lau barrutietan elkarrekin aurkezteko akordioa lortu ondotik, Kongresuko prentsa aretoan hitz egin du Belarrak.
Belarrak ERCrekin lortutako "akordio historikoa" goraipatu du, Monterok eta Rufianek osatutakoa ezkerra zutik jartzeko tandemik "onena" dela iritzita. Halaber, esan du aliantza horretan "jendea falta" dela, eta Podemosek "beti" hautagaitza zabalak sustatu dituela nabarmendu du.
"Zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto", esan du, eta eskua luzatu die PSOEren ezkerreko gainerak alderdiei Podemosek eta Rufianek osatutako taldera batu daitezen.
Aurrez, Irene Montero aldeldi moreko idazkari politikoak egin bezala, Belarrak ere baztertu egin du Podemosek Fronte Zabala (Sumar, Comuns, Mas Madrid, IU) deiturikoarekin bat egingo duela.
Podemosek berretsi du prest dagoela Sumar osatzen duten alderdiekin negoziatzeko, horiek koalizio moreak ERCrekin lortu duen akordiora bil daitezen. Halaber, hauteskunde primarioak egitea defendatu du.