Aurrekontuak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Oposizioko alderdi guztiek osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete Jaurlaritzaren 2027ko aurrekontuei

Abenduaren 4ko osoko bilkuraren ondoren, zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte, eta abenduaren 21ean onartuko dira behin betiko 2027ko kontu publikoak, gutxienez EAJko eta PSEko legebiltzarkideen botoekin.

parlamento vasco

Oposizioko alderdi guztiek, EH Bilduk, PPk, Sumarrek eta Voxek, osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote, Eusko Legebiltzarrean, EAEko 2027ko aurrekontuen lege proiektuari, eta abenduaren 4an eztabaidatuko dituzte. Dena den, osoko bilkura horretan atzera botako dituzte zuzenketok, EAJk eta PSEk gehiengoa baitute Legebiltzarrean.

Gaur, 12:00etan, amaitu egin da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen lege proiektuari zuzenketak aurkezteko arauzko epea.

Aurrekontu proiektua Eusko Jaurlaritzari itzultzea eskatzen duten lau osoko zuzenketez gain, 1.550 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte; gehienak, ia 1.500, PPk.

Oposizioko talde nagusiak, EH Bilduk, bere osoko zuzenketan arrazoitu du proiektuak ez dituela anbizioz jorratzen euskal gizartearen arazo nagusiak, bereziki larrialdi klimatikoari, bizitzaren garestitzeari eta, batez ere, etxebizitzari lotutako gaietan.

Bestalde, PPren ustez, kontuek Euskadiren etorkizuna are gehiago zorpetzen dute. Hori dela eta, popularrak ez datoz bat EAJren eta PSEren eredu ekonomikoarekin. Zentzu horretan, salatu dute ahalegin fiskala ez dela zerbitzu publikoen hobekuntzari eta lehiakortasunari bultzada ematea.

Vox izan da zuzenketa partzialik aurkeztu ez duen alderdi bakarra da, osoko zuzenketa soilik jarri baitu.

EAJko eta PSEko bazkideek ere 16 zuzenketa aurkeztu dizkiete beren lege proiektuari horien artean, 3 milioi euroko diru zuzkidura nabarmentzen da, tximeleta azala deritzon gaixotasuna duten pertsonen tratamendua finantzatzeko.

Abenduaren 4ko osoko bilkuraren ondoren, zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte, eta abenduaren 21ean onartuko dira behin betiko 2027ko kontu publikoak, gutxienez EAJko eta PSEko legebiltzarkideen botoekin.

Datorren urteko aurrekontu proiektua 17.629 milioi eurokoa da, hots, % 7,6 handitu da aurtengoarekin alderatuta. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X