Mikel Otegi espetxetik atera da, bi ertzain hiltzeagatik ezarri zioten zigorra bete ostean
EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Auzitegiak emandako absoluzioa baliogabetu egin zuen. Ondoren, Otegik ihes egin eta ETAn sartu zen. Azkenik, Auzitegi Nazionalak zigortu egin zuen.
Mikel Otegi, 1995ean Itsasondon (Gipuzkoa) bi ertzain hiltzeagatik zigortutako ETAko militante ohia, aske geratu da 23 urtez kartzelan egon eta zigorra bete ostean, Etxerat presoen senideen elkarteak jakinarazi eta Eusko Jaurlaritzak baieztatu dutenez.
Otegiri 34 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, Jose Luis Gonzalez Villanueva eta Iñaki Mendiluze hiltzeagatik, 1995eko abenduaren 10ean. Zigorra Arabako espetxean bukatu du betetzen.
Epaiaren arabera, Otegi ez zen ETAko kidea, ezker abertzalearen aldekoa zen eta segurtasun indarrek bere ideologiagatik jazartzen zutela sinetsita zegoen. Ertzaintzaren patruila batek gehiegizko abiaduran gidatzen ari zela ikusi zuen, eta baserriraino jarraitu zion. Han, Otegik bi agenteei tiro egin zien ehiza-eskopeta batekin, eta, ondoren, familiak aholkatuta, bere burua entregatu zuen.
ETAko kide ez zenez, auzia ez zen Auzitegi Nazionalean epaitu, Gipuzkoako Auzitegian baizik. Gipuzkoan herri-epaimahaia izan zuen bigarren epaiketa izan zen, eta hura osatzeko 36 hautagaietatik 19k ez parte hartzeko alegazioak aurkeztu zituzten. Hilabete batzuk lehenago, lau alegazio bakarrik egon ziren Gipuzkoan epaimahaiarekin egindako beste epaiketa batean, delinkuentzia arruntaren ingurukoa.
Otegi absolbitu egin zuten, epaikideen iritziz ez zelako bere egintzen jabe, "damutu" egin zelako eta nahaste psikikoa zuelako.
Polemika handi baten eta hainbat helegiteren ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak epaia baliogabetu eta errepikatzeko agindu zuen, baina Otegik ihes egin zuen, eta, azkenean, ETAn sartu zen.
2003an atxilotu zuten, otsailaren 22an, Irulegin (Nafarroa Beherea), Aloña Muñoarekin batera, eta zazpi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Frantzian, helburu terroristak zituzten gaizkileen elkarteko kide izateagatik. Lau urte geroago, Espainiako Justiziaren esku utzi zuten, eta, azkenean, Auzitegi Nazionalak zigortu egin zuen.