Pentsioen gaia kanpainaurrean sartu da
Sanchezek pentsioen sistema "jasangarria" dela ziurtatu du Sanchezek eta Espainiako Gobernuak urtea amaitu baino lehen pentsioak igo nahi ditu. Feijook, bere aldetik, Gobernura iristen badira pentsioak KPIaren arabera igoko dituztela iragarri du.
Pentsio duinen aldeko manifestazioa Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Pentsioen inguruko eztabaida indar handiz sartu da azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako kanpainaurrean. Herenegun, Ester Muñoz PPren Kongresuko bozeramaileak pentsioen sistema "lehertu" egingo dela eta "ausardiaz" sistema aldatu egin behar dela esan ondotik, gaia erdigunean kokatu da eta alderdi politikoak beraien jarrera zehazten ari dira.
Pentsioak KPIaren arabera igoko direla berretsi du Feijook
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak ostegun honetan adierazi duenez, pentsioak "negoziaezinak" dira eta Espainiako Gobernuko presidente kargura iristen bada, pentsioak Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratuko dira.
"Oso erraza da pentsioen inguruko galderari erantzutea. Pentsioak negoziaezinak dira, eta kito ", adierazi du Feijook Bruselan, Europako Alderdi Popularraren goi bileran parte hartu ondoren egin dituen adierazpenetan.
Kazetarien galderei erantzunez, pentsioen sistema publikoaren bideragarritasuna bermatuko duela hitzeman du.
Pentsioen balioa handitzea hitzeman du Sanchezek
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "lasaitasun" mezua bidali nahi izan die pentsiodunei, pentsioen sistema "jasangarria" dela eta Gobernuak urtea amaitu baino lehen balioa handituko duela esanez. Hala ere, ez du argitu azaroaren 29ko hauteskunde orokorren aurretik edo ondoren izango den.
EBko buruzagiek Bruselan egingo duten bileraren atarian kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan, Sanchez "harrituta" agertu da PPko kide batek pentsioen sistema "lehertu" egingo dela adierazi eta hauteskundeak pasa arte gaiaz ez hitz egiteko eskatu ondoren.
Halaber, PPren eta Voxen herritarren gezurra esaten ari zaiela nabarmendu du Sanchezek eta gobernura iristen badira pentsiodunei pentsioa jaitsiko diela.
Abendurako pentsioen igoera iradoki du Ekonomia ministroak
Carlos Cuerpo Ekonomia ministroaren arabera, egingarria da Espainiako Gobernuak pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko Errege Lege Dekretua abenduan onartzea, hots, azaroaren 29ko hauteskundeen ondotik jardunean dagoen bitartean. Aldi berean, hauteskundeen aurretik lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera onartzeko konfiantza agertu du.
TVEn egindako elkarrizketa batean, Ekonomia ministroak "lasaitasun mezua" helarazi die bederatzi milioitik gora pentsiodunei, pentsioen balio handitzea legez bermatuta dagoela azpimarratuta.
Yolanda Diaz: "Ez, pentsioen sistema ez da lehertuko"
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak PPri leporatu dio Gobernura iristen bada pentsioak murriztu nahi izatea, PPren Kongresuko bozeramailearen adierazpenei erantzunez.
Atzo sare sozialetan argitaratutako bideo batean, Diazek ohartarazi zuen popularrak Espainiako Gobernura iristen badira pentsioak murriztuko dituztela.
Diazen arabera, Sanchez Gobernura iritsi zenean batez besteko erretiro pentsioa ez zen hileko 1.100 eurora iristen, eta gaur egun 1.576 eurokoa da, ia 500 euro gehiago. "Beraz, ez, pentsioen sistema ez da lehertuko", gaineratu zuen.