A-29

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Erkidego batzuetan bakarrik akordioak itxita heldu da ezkerra koalizioak aurkezteko azken egunera

Gauerdian amaituko da hauteskunde-koalizioak erregistratzeko epea. Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak urriaren 21etik 26ra bitartean aurkeztu beharko dituzte koalizioek.

urna-votos-efe
Hauteskundeen artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Hauteskunde orokorretarako koalizioak erregistratzeko azken egunera erkidego gutxi batzuetan aliantzak itxita heldu da ezker alternatiboa. Frente Amplioren eta Podemosen arteko negozioazioak ez dira amaitu eta azken ordurarte luzatuko dira, batez ere Madrilgo barrutian. 

Madrilgo autonomia-erkidegoa da tentsio-gune nagusia, eta akordiorako aukerak, gainera, urriak dira. Nolanahi ere, aurrerapen batzuk egon dira, eta hainbat erkidegotan akordioak lortu dira.

Kanaria Uharteetan Nueva Canarias eta Sumarrek akordioa lortu dute eta Unidad del Pueblo Canario izenarekin aurkeztuko dira hauteskundeetan.

Balearretan Ara Més alderdiak Sumarrekin eta IUrekin bat egiteko akordioa lortu du. Oraingoz, kanpoan geratu da Podemos.

Aragoin, Chunta Aragonesistak, Izquierda Unidak, Movimiento Sumarrek, Partido Verde Aragonek eta Recortes 0 alderdiak koalizio akordioa iragarri dute. Frente Amplio Aragón izenarekin aurkeztuko dira hauteskundeetan.

Valentziako Erkidegoan ez da akordiorik lortuu Esquerra Unidaren eta Compromisen artean.

Gauerdian amaituko da epea

Alderdi politikoek ostiral gaueko hamabiak arte dute azaroaren 29ko hauteskunde orokorrei begira aurkeztuko dituzten koalizioak formalizatzeko.

Aliantza horiek dagokien hauteskunde-batzordeei jakinarazi behar zaizkie, bai probintzia-batzordeei, beren eremua barruti batera mugatzen bada, bai Hauteskunde Batzorde Zentralari (HBZ), probintzia batera baino gehiagora hedatzen direnean. Jakinarazpen horretan koalizioaren izena, hura arautzen duten arauak eta zuzendaritza- edo koordinazio-organoen titularrak jaso behar dira.

Barne Ministerioak azaldu duenez, ez dago hauteskunde-koalizioen erregistro publikorik, eta koalizio horiek ez dira Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatu behar, ezta elkarte gisa erregistratu behar ere; gainera, alderdi politikoek eta alderdien federazioek soilik osa ditzakete. Hautesle-elkarteek ezin dute koaliziorik aurkeztu.

Hauteskunde-legeriak ezartzen du, koalizioa osatzen duten alderdiek ezin dutela hautagaitza propiorik aurkeztu aliantza hori aurkezten den barrutietan.

Hautagaitzak aurkeztea

Koalizioak formalizatu ondoren, alderdiek, federazioek, koalizioek eta hauteskunde-elkarteek urriaren 21etik 26ra bitartean aurkeztu beharko dituzte Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak probintziako hauteskunde-batzordeetan.

Behin-behineko zerrenda horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratuko dira, eta irregulartasunak zuzentzeko epea zabalduko da.

Azaroaren 3an argitaratuko dituzte behin-betiko hautagai-zerrendak eta azaroaren 13an hasiko da ofizialki kanpaina. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X