EAJk irabaziko luke Bilbon eta Donostian; EH Bilduk, Gasteizen; eta berdinketa teknikoa Iruñean
EAJ indar bozkatuena izango litzateke Bilboko eta Donostiako udal hauteskundeetan; EH Bildu, Gasteizen; eta Iruñean berdinketa teknikoa izango lukete UPNk eta koalizio abertzaleak, EITBren inkestaren arabera.
Nafarroako Parlamentuan, UPN izango litzateke lehen indarra, 12-13 eserlekurekin, baina PSN gertu geratuko litzateke, 10-11rekin, eta egungo formulari eutsi ahalko lioke Gobernuan jarraitzeko.
Gasteiz
Arabako hiriburuan, Rocio Viterok (EH Bildu) irabaziko luke, botoen % 24,4 eta 7 zinegotzi eskuratuta, hau da, duela lau urte baino bat gehiago.
Bere aldetik, EAJk eutsi egingo lieke bere egungo 7 ordezkariei, koalizio abertzalearekin berdinduta, baina boto gutxiagorekin: % 23,7.
Hirugarren lekuan, PSE-EE izango litzateke, 6-7 zinegotzi eta botoen % 22,2 lortuta. Egun, 6 ditu.
PP gertu egongo litzateke, 5-6 ordezkarirekin (5 ditu orain), eta urrunago, Elkarrekin koalizioa, 1-2rekin (3 orain).
Bilbo
Juan Mari Aburtok (EAJ) aise irabaziko luke eta gehiengo osoaren atarian geratuko litzateke, 13-14 zinegotzirekin. Horrenbestez, bat gal lezake, duela lau urte 14 izan zituelako.
EH Bilduk 2019an baino ordezkari bat gehiago izango luke, eta aurrea hartuko lioke PSE-EEri bigarren lekuan. Biak berdinduta egongo lirateke zinegotzi kopuruan, 5.
PPk mantendu egingo lituzke bere egungo 3 ordezkariak, eta Elkarrekin koalizioak bat gal lezake, 2-3ko aurreikuspena baitu.
Donostia
Eneko Goiak (EAJ) irabaziko luke, % 33ko babesa eta 9-10 zinegotzirekin. Duela lau urte, 10 jaso zituen.
EH Bilduk nabarmen egingo luke gora, eta bigarren izango litzateke, 2019an baino 2-3 ordezkari gehiago lortuta, hots, 8-9. Botoen % 27,5 jasoko lituzke, hain zuzen ere.
PSE-EEk atxiki egingo lituzke egungo 5 zinegotziak, % 16,8ko babesarekin.
Elkarrekin koalizioak 2-3 ordezkari izango lituzke; beraz, baliteke 1 galtzea; eta PP 3 izatetik 2 izatera pasatuko litzateke.
Iruñea
Cristina Ibarrola (UPN) eta Joseba Asiron (EH Bildu) 0,2 puntu eskasera egongo lirateke, biak 7-8 zinegotziko aurreikuspenarekin. Horren ildotik, alderdi erregionalistak botoen % 26,7 izango lituzke, eta koalizio abertzaleak, % 26,5.
Duela lau urte, UPN koalizioan aurkeztu zen PPrekin eta Ciudadanosekin, eta elkarrekin 13 izan zituzten. EH Bilduk, aldiz, 7 jaso zituen.
PSN hirugarren lekuan izango litzateke, botoen % 14,1 eta 4 zinegotzirekin, 2019an baino 1 gutxiago.
PPk 3 ordezkari lortuko lituzke, Geroa Baik 2-3 eta Zurekin Nafarroa 1-2rekin sartuko litzateke Udalean.
Nafarroako Parlamentua
UPN izango litzateke alderdi bozkatuena, botoen % 23,3 eta 12-13 eserleku jasota. Duela lau urte, PPrekin eta Ciudadanosekin aurkeztu zen, koalizioan, eta 20 ordezkari izan zituzten.
PSN gertu kokatuko litzateke, 10-11 ordezkarirekin (11 ditu egun), baina aritmetika parlamentarioak egungo Gobernu formula errepikatzea ahalbidetuko lioke, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Hirugarren lekuan lehia estua izango lukete EH Bilduk eta Geroa Baik, 0,3 puntuko aldea egongo litzatekeelako euren artean. Horren harira, koalizio abertzaleak bozen % 16,3 eta 9 parlamentari (bi gehiago) izango lituzke, eta Geroa Baik % 16 eta 8-9 (egun, 9).
Urrunago, PPk 5 eserleku bereganatuko lituzke; Zurekin Nafarroak, 3-4 (3 egun) eta Voxek 2rekin egingo luke Foru Parlamentuan barrena.
Metodologia
2900 pertsona elkarrizketatu dituzte udal hauteskundeetarako inkestak egiteko: 700na Gasteizen, Bilbon eta Donostian, eta 800 Iruñean.
Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen kasuan, 1.600 izan dira inkestak: 800 Iruñean eta beste 800 gainerako herrietan.
Galdeketak maiatzaren 25etik 28ra egin dituzte EAEn, eta 22tik 27ra Nafarroan.
Zure interesekoa izan daiteke
PSN, Zurekin Nafarroa eta EH Bilduri deia egin die Geroa Baiko Koldo Martinezek, akordiora heltzeko
Nafarroan, hauteskunde orokorrek bete-betean baldintzatutako negoziazioei buruz ezer gutxi eman dute ezagutzera oraingoz alderdiek. Gobernuaren osaketan eta Iruñeako Alkatetzan, ikusteko dago nola jokatuko duten Nafarroako sozialistek.
Garrido: 'Argi dago parte-hartze txikiak kalte egin digula'
Pilar Garridok parte-hartze txikia deitoratu du, bere koalizioari zuzenean eragiten diola argudiatuta.
Andueza: 'Euskadi sozialistagoa da gaur, ezkerrera gehiago begiratzen du'
Eneko Anduezak positibotzat jo ditu PSE-EEk hauteskunde hauetan lortutako emaitzak, eta Euskadi sozialistagoa dela eta ezkerrera begiratzen duela esan du.
Iturgaiz: 'PPren menpe badago, ez da Bilduko alkaterik edo ahaldun nagusirik izango Euskadin'
Carlos Iturgaizek positibotzat jo ditu PPk Euskadin eta Espainian lortutako emaitzak, eta ez dela Bilduko alkaterik edo ahaldun nagusirik egongo ziurtatu du.
Egibar: 'Argi dago zerbait ez dugula ondo egin'
Joseba Egibarrek EAJk Gipuzkoan lortutako emaitzen balorazioa egin du. Egibarrek adierazi du argi dagoela EAJk zerbait ez duela ondo egin.
EH Bildu alde nabarmenarekin garaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Ezker abertzaleko koalizioak 22 eserleku bereganatu ditu Batzar Nagusietan (bost gehiago), EAJk 17 (hiru gutxiago), PSE-EEk zazpi (bi gutxiago), Elkarrekinek bi (bi gutxiago) eta PPk hiru (bi gehiago). Parte-hartzea % 59,92koa izan da, 2019an baino ia zazpi puntu gutxiago.
Otegi: 'Ziklo aldaketa baten lehen urratsa eman da'
EH Bildu nagusitu da udalerri askotan eta Gasteizen indar bozkatuena da 7 zinegotzirekin, duela lau urte baino bat gehiago
18:00etako parte-hartze datua: % 54,12 Nafarroan eta % 48,52 EAEn
Parte-hartzea % 1,19 igo da Nafarroan 2019ko hauteskundeekin alderatuta, eta % 4,84 jaitsi da EAEn.
Berezitasun ugariko hauteskundeak dira Udal hauteskundeak, Euskadiko bost udalerritan bereziki
Usansolon, Gernikan (Bizkaia), Irunen (Gipuzkoa) eta Arabako Errioxako Bastidan eta Guardian, adibidez, berezitasun ugariko hauteskundeak izango dira gaurkoak; jakin ezazu zergatik bideo honetan.