Aurrekontuak ez blokeatzea eskatu die EAJk EH Bilduri eta PSE-EEri
Eusko Jaurlaritzaren 2013ko Aurrekontuak ez blokeatzea eskatu die asteazken honetan Andoni Ortuzar EAJko presidenteak EH Bilduri eta PSE-EEri, eta Kontuetan diru-sarrerak handitzeko bi alderdiek egindako proposamenak ''itxura hutsa'' direla adierazi du jeltzaleen buruak. ''Ez dago hori egiteko modurik. Ez du EAJk esaten, euskal erakundeetako diru-kutxek esaten dute'', gaineratu du.
Halaber, EAJk berak zein Jaurlaritzak dagoeneko Aurrekontuak luzatzea erabaki izana ukatu du Ortuzarrek, oposizioko alderdi guztiek aho batez egindako adierazpenei erantzunez.
Sabin Etxean eman duen prentsaurreko batean, EAJko presidenteak esan du Jaurlaritzak ez duela ''txeke zuririk'' eskatzen, baina bai Kontuak ez blokeatzeko borondatea. Hala, ''hitz-jarioa albo batera utzi'' eta akordiorako borondatea erakustera deitu ditu EH Bildu eta PSE-EE, eta, ildo horretan, EAJk ''oinarri sendoa'' duten akordioak lortzeko ''benetako eta erabateko gogoa'' duela esan du.
EH Bilduri ''pankarta atzean ezkutatzeari uztea eta benetan laguntza ematea'' eskatu dio. ''Eskubideak eskatuz oihu egitea ondo dago, baina askoz eraginkorragoa da proposamenak aurkeztea eta esaten denarekin eta egiten denarekin koherente izatea'', gaineratu du Ortuzarrek. ''EH Bildurekin akordioa lortzeko, beraiek Gipuzkoan eskatu dutena eskatzen diegu guk ere: errealismoa eta koherentzia'', adierazi du.
EAJ alderdi guztiekin negoziatzeko prest dagoela berretsi ondoren, Ortuzar PSE-EEri ere zuzendu zaio, eta Aurrekontuei osoko zuzenketa egiteko sozialistek iragarri duten asmoaz aritu da. Hala, osoko zuzenketa hori aurkezten baldin badute, ''EAJk zalantzak izango ditu sozialistek zenbait gai negoziatzeko egindako proposamenaren inguruan'', Ortuzarrek aurreratu duenez, eta, ildo horretan, fiskalitatea, EAEko egitura instituzionala, ekonomiaren suspertzea eta iruzurraren kontrako borroka aipatu ditu jeltzaleak.
Ortuzarren hitzetan, Aurrekontuak ez blokeatuz erakutsi behar du PSE-EEk negoziaziorako borondatea. ''Txeke zuririk ez dugu eskatzen. PSEren txekeak funtsik duen jakin nahi dugu bakarrik; hau da, elkarrizketarako eta negoziaziorako borondaterik duen jakin nahi dugu'', gaineratu du. "Patxi Lopezek guk biok elkar ulertzea nahi baldin badu, elkar ulertuko dugu'', esan du EAJko presidenteak.
Azkenik, PPk eta UPyDk egindako proposamenak aintzat hartu ditu jeltzaleak. ''Hitz egiteko prest daude, Aurrekontuak aztertu dituzte eta, proposamenak aurkeztu dituzte'', azpimarratu du.
Aurrekontuak luzatzeko asmoa ikusten du oposizioak
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak berretsi egin du bere taldeak Jaurlaritzaren Aurrekontu proiektuaren kontra egingo duela eta EAJk negoziatzeko asmorik ez duela kritikatu du. "Aurreko legealdiko Aurrekontuak luzatzea da euren asmo bakarra", salatu du.
Iñigo Urkullu lehendakariaren “benetako asmoa” Aurrekontuak luzatzea dela adierazi du gaur Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ere. Horren hitzetan, talde politikoekin abian jarritako “negoziaziorik ez dago”, eta “itxurak egiteko” hasi dute elkarrizketa sorta.
PPko kideek uste dute Aurrekontuak luzatzea duela Jaurlaritzak buruan, baina Aurrekontuak zenbait baldintzapetan adosteko prest agertu zen atzo PP.
Gorka Maneiro UPyDko ordezkariak ere uste du Jaurlaritzaren benetako asmoa Aurrekontuak luzatzea dela, eta "pilota EAJren teilatuan" dagoela adierazi du.
Zure interesekoa izan daiteke
CCOO Euskadik sindikatuaren aurkako manifestazio eta beto kanpaina salatu ditu
Comisiones Obrerasek sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat salatu du, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko betoa jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak euren kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Aste Santuan greba egingo dute Bilboko Aireportuko Grounforceko lurreko asistentziako langileek
Lanuzteak martxoaren 27an hasiko dira eta apirilaren 1ean (asteazkena), apirilaren 3an (Ostiral Santua) eta 6an (Pazko Astelehena) izango lukete eragina. KPIaren diferentzialari eta erosteko ahalmenari eustea aldarrikatzen dute langileek. "Handling" enpresa horrek zerbitzua eskaintzen duen Estatuko aireportu guztiei eragingo lieke greba-deialdiak.
Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Irango gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak aztertuko ditu
Nafarroako Gobernuak aurreratu du Ministroen Kontseiluak ostiral honetan iragarriko dituen neurriak arretaz aztertuko dituela Nafarroan aplika daitezkeen egiaztatzeko.
"Indarberriturik eta helburua lortzetik gertuago" atera dira langile klasea eta indar sindikala, ELAren eta LABen ustez
Sindikatuen ustez, greba orokorra "klase elkartasun erakustaldia" izan da. LGS propioa lortzeko bideak zabalik daudela adierazi dute (bai patronalarekin, bai Espainiako Kongresuan) eta Jaurlaritzari eta, bereziki, EAJri, eskatu diote argitu dezala Legebiltzarrean eta Espainian dituen jarrera kontraesankorrak.
Atzoko greba orokorra "indar erakustaldia" izan zen, LAB eta ELA sindikatuen aburuz
Radio Euskadin eta Euskadi Irratian egindako elkarrizketetan LAB eta ELAko idazkari nagusiek adierazi dutenez, atzokoak "oso mobilizazio jendetsuak izan ziren, 135.000 pertsona ere batu zirela". "Indarberrituta atera gara", azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABen koordinatzaile nagusiak.
Albiste izango dira: Greba orokorraren balantzea, Iranek Ali Larijaniren heriotza eta Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulia
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu greba orokorraren egunean
Desordena publikoak egitea leporatzen zaie. Gainera, bost pertsona ikertzen ari da eta 165 identifikatu ditu.
Egungo gutxieneko soldata kobratzen dutenek diote ez dela nahikoa duintasunez bizi ahal izateko
Zaintzan eta garbiketan; ostalaritzan eta turismoan; saltokietan, logistikan eta nekazaritzan… Arlo horietan ohikoa izaten da lanbidearteko gutxieneko soldata erreferentziatzat hartzea ordainsariak ezartzeko. Langileek salatzen dute jasotzen duten horrekin ezin dela bizi, eta ezinbesteko jotzen dute 1.500 eurora igotzea, duintasunez bizi ahal izateko.
Donostia Ospitalearen parean manifestazioa egin dute medikuek, estatutu eta gutxieneko soldata propioa eskatzeko
Euskadiko Medikuen Sindikatuak deituta, medikuek bat egin dute M17ko greba orokorreko aldarrikapenekin. Medikuek bigarren greba astea hasi zuten atzo, estatutu propioa eskatzeko.
Eusko Jaurlaritzak istiluak gaitzetsi ditu eta elkarrizketa sozialaren alde egin du gutxieneko soldata propioa lortzeko
Maria Ubarretxena bozeramailea bat etorri da gutxieneko soldata propioa lortzeko aldarrikapenarekin, baina ez konfrontazio bidearekin.