90,5 milioi euroko inbertsio egitasmoa gehitu dio CNAk eskaintzari
CNA Group enpresak Fagor Etxetresnakeko bi lantegi erosteko aurreneko eskaintza aurkeztu zuen Donostiako Merkataritza-auzitegian, iragan asteazkenean. 16 milioi euroko eskaintza egin zuen. Orain datozen lau urteetarako 90,5 milioiko inbertsio egitasmoa erantsi dio eskaintzari.
CNA taldeak jakitera eman duenez, Fagor Etxetresnaken Gipuzkoako bi lantegi xede ditu eskaintzak, Eskoriatzakoa (etxetresna txikiak eta sukalderako tresneria) eta Garagartzakoa.
"Fagor marka ospetsuarekin jarraitu nahi dugu, munduko eta Espainiako milioika kontsumitzaileen konfiantza bereganatu zuten hainbat urtetan, Edesarekin eta Aspesekin batera", azpimarratu du CNAk.
520 lanpostu
Lau urteko egitasmoarekin 520 lanpostu mantentzea espero dute. Era berean, Fagor Etxetresnakeko baldintza "onuragarri" gehienak errespetatzeko eskaintza egin dute. Eroslea CNA konpainiaren Euskadiko enpresa berri bat izango da, Espainian eta munduan ekoitzi eta saltzeko.
Enpresa berriak kooperatibako bazkide, langile eta zuzendari gehienak hartuko ditu, "eskarmentu handia dutelako, eta Fagorreko produktuen kalitatea eta eraginkortasuna ziurtatzen dutelako".