Jaurlaritza EH Bildu, Sumar eta PPrekin bilduko da astelehen honetan aurrekontuak negoziatzen hasteko
Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak Sumarreko ordezkaria hartuko du Lehendakaritzan 10:00etan, PPrena 11:30ean eta EH Bildurena 13:00etan.
Eusko Jaurlaritza EH Bildu, Sumar eta PPrekin bilduko da astelehen honetan, azaroaren 9an, 2027rako EAEko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeko bilera-sortari hasiera emateko. Lehendakaritzak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua Sumarrekin bilduko da 10:00etan, PPrekin 11:30ean eta EH Bildurekin 13:00etan.
Ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan, Imanol Pradales lehendakariak iragarri du astelehen honetan hasiko dela alderdiekin aurrekontuak negoziatzeko bilera-sorta. Lehendakariak adierazi du "proiektua hobetzeko ekarpenak eta proposamen eraikitzaileak jasotzea" espero duela, eta azpimarratu du "herri honek funtzionatzen" duela eta, "azaroaren 29an gertatzen dena gertatzen dela, herri honek funtzionatzen jarraituko duela".
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2027rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu zuen urriaren 27an. Inoizko aurrekontu proiekturik handiena izango da, 17.629 milioi eurokoa, 2026koa baino % 7,6 handiagoa. Jaurlaritzaren arabera, zerbitzu publikoak "indartzea" eta Euskadi etorkizunerako "prestatzea" dute helburu nagusi.