EAEko funtzionarioen 35 orduko lan-astea baliogabetzea berretsi du Gorenak
Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietarako III. Salak berretsi egin du 2016ko abenduaren 20ko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia, erkidego horretako funtzionarioen asteko lanaldia 35 ordukoa izatea ezartzen zuen dekretu autonomikoa bertan behera utzi zuena.
Horrela, Gorenak ez du onartu Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurka jarritako helegitea.
"Administrazio publikoek, errekurtsogilea den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio autonomikoaren kasuan bezala, haien zerbitzura dauden langileen urteko lanaldia ezartzen dute, eta 2012rako Estatuko Aurrekontu Orokorren ekainaren 29ko 2/2012 Legeko hirurogeita hamargarren amaierako xedapenak ezarritako mugak errespetatu behar dituzte, indarrean baitago", epaiaren arabera. Xedapen horrek 37 ordu eta erdiko lanaldia ezartzen du langile horientzat.
Baliogabetutako dekretua 2016ko otsailaren 2an eman zuen Administrazio Publiko eta Justizia Sailak, eta 2016rako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioentzako lanaldia ezartzen zuen. Estatuko abokatuak helegitea jarri zion, EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen, eta xedapena bertan behera utzi zuen.
Gernikako Estatutuaren urraketa
Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak Gernikako Estatutua urratzen duela salatu du Eusko Jaurlaritzak.
Ebazpena bidegabetzat jo du, "areago Espainiako Gobernua bera Estatuko Administrazio Publikoan 35 orduko lan-astea ezartzea aztertzen ari dela kontuan hartuta".
Josu Erkoreka bozeramaileak ohar bidez salatu duenez, Gorenaren epaiak "Gernikako Estatutuaren 10.2 eta 10.4 artikuluak urratzen ditu, Funtzio Publikoa antolatzeko ahalmena aitortzen duen zatia, hain zuzen ere".
Erkorekak erantsi du 35 orduko lan-astea inoiz ez dela auzitan jarri, eta, ondorioz, erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoan inork ez duela ulertuko azpimarratu du.
Honek guztiak Espainiako Gobernuaren zentralizaziorako joera agerian uzten duela gaineratu du.
Ebazpena zorrotz aztertuko dutela eta auzia sindikatuekin Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean analizatuko dutela jakinarazi du Erkorekak.
35 orduko lan-astea mantentzea eskatu dute ELAk, LABek eta CCOOk
ELA eta LAB sindikatuek, berriz, 35 orduko lan-astea manten dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Hala egin ezean, "euskal autogobernuaren kontrako erasoa" izango dela eta Administrazio Publikoan "milaka enplegu suntsitu" egingo direla ohartarazi du ELAk ohar batean.
Sindikatu abertzalearen iritzian, Espainiako Estatuaren abokatuak 35 orduko lan-astearen aurka egin izanak argi erakusten du Espainiako Gobernuak eskubide sozialetan atzeraka jarraitzen duela. "Euskal autogobernuaren kontrako erasoa da", erantsi du.
Horrez gain, honek guztiak "aldebikotasuna" zalantzan jartzen duela azpimarratu du, "hemengo langile publikoen baldintzak ere ezin ditugulako hemen erabaki".
"Euskal administrazioak Madrilen hartutako erabakiak aplikatzen dituzten sukurtsalak baino ez dira", kritikatu du.
Beste ohar batean, LAB sindikatuak ere ildo beretik jo du, eta 35 orduko lan-asteari euts diezaiola eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Epaia "oso larria" eta "onartezina" dela adierazi du, "EAEko Administrazio Publikoaren eta sindikatuen arteko akordioaren kontra egiten duelako".
"Argi dago Madrildik murrizketak eta lan-baldintzak okertzeko neurriak baino ez direla iristen. Espainiako Gobernuak ez du euskal administrazioko negoziazio kolektiboa errespetatzen", gaineratu du.
LABen arabera, euskal zerbitzu publikoak "blindatzeko" aukera bakarra "marko legal propioa" sortzea da, "araudi propioa onartuta eta Espainiako legedia albo batera utzita".
Era berean, funtzionarioen 35 orduko lanaldia mantentzeko, beharrezko neurri guztiak hartzea eskatu dio Euskadiko CCOOk Jaurlaritzari.
"35 orduko lanaldia, Mahai Orokorrean lortutako akordioa eta negoziazio kolektiboaren lorpena izateaz gain, enplegua birbanatzea eta kalitatea hobetzea da, eta egunotan guztiz beharrezkoa da", azpimarratu du sindikatuak.
CCOOren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak aurreratu ditzakeen bi neurri daude "une honetatik bertatik: murrizketak atzera botatzeko PPren Gobernuari presioa egitea, eta Mahai Orokorra berehala deitzea, Andaluziako Funtzio Publikoaren Mahaian lortutako akordioaren antzeko bat negoziatzeko, han 35 orduko lanaldia mantentzea lortu baitute".
Zure interesekoa izan daiteke
Bilboko Aireportuko ‘handling’ zerbitzuek greba egingo dute, Aste Santuaren ateetan
Maletak eramateaz eta aireportuetako beste zerbitzuez arduratzen den Groundfroce enpresako langileek lanuzteak egingo dituzte astelehen, asteazken eta ostiralean, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioaren barruko desadostasunak direla eta.
52 urteko gizon bat hil da Valtierran, lan-istripuz
Ezbeharra hondakinak kudeatzeko enpresa batean gertatu da, Nafarroako udalerriko abeltzaintza-industrialdean. Lehen ikerketen arabera, kargatzeko pala batek jo du langilea.
Tubos Reunidosek hitzarturiko kaleratzeekin bat egin dezaten eskaini die finko bihurtutako 42 langileei, aldi baterako langileen baldintzekin
Lan Ikuskaritzak, asteazkenean batzordearekin eta enpresarekin egindako bilera batean, Tubos Reunidosek lege iruzurrez egindako 42-47 behin-behineko kontratu atzeman zituen. Hori dela eta, enpresak finko egin behar izan ditu langileak. Sindikatuek azaldu zutenez, enpresak martxoaren 31ra arte luzatu zituen kontratazio horiek.
Ertzaintzan hauteskunde sindikalak egingo dituzte gaur, lantaldea handitzeko eskaera mahai gainean dutela
Botoa emateko eskubidea duten 7.078 ertzainek 60 ordezkari aukeratu beharko dituzte: 17 Araban, 23 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan.
Brent upela % 2 igo da, 104 dolarreraino, Irango gatazkaren eboluzioaren zain
Asteazkenean, % 2,17 jaitsi zen, gerrari amaiera emateko negoziazioek aurrera egiteko aukerak bultzatuta, eta AEBk Irani ebazpen-plan bat proposatu baitzion. Iranek plana onartu ez, eta berea aurkeztu du.
Euskadiko Lan Ikuskaritzak lege iruzurrez egindako 42-47 behin-behineko kontratu atzeman ditu Tubos Reunidosen
Langileen batzordeak bilera izan du goizean Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako ordezkariekin, Gasteizen, eta batzarrak iraun duen bitartean, dozenaka langilek protesta egin dute atarian.
Erregaien krisiak arrantza-sektorea astindu du: lehen ontziak geldirik, Ondarroan
Gasolioaren garestitzeak alturako flotaren zati bat portuan egotera behartu du. Bitartean, sektoreak bideragarritasuna bermatzeko laguntza gehiago eskatzen ditu.
Behargin bat hil da Goiaingo industrialdean, lan-istripuz
Ezbeharra 20:00ak aldera gertatu da, eta bertaratu diren larrialdi-zerbitzuek ezin izan dute langilea suspertu.
Osasun Ministerioak bi bilera egingo ditu aste honetan, medikuen grebari buruz hitz egiteko
Ostegunean greba batzordearekin bilduko da, mobilizazioak eragin dituzten gatazka-puntuak aztertzeko. Ondoren, ostiralean, egoeraren berri emango die autonomia-erkidegoei Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluan.
Tubos Reunidosek enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu du, eta 285 kaleratze iragarri
200 langile baino gehiago (152, Amurrion, eta 53, Trapagaranen) hitzartutako kaleratzeen bidez egotziko dituzte. Aldi baterako kontratudun langileak (80 bat), ordea, hilaren amaieran kaleratuko dituzte.