Ertzaintzan hauteskunde sindikalak egingo dituzte gaur, lantaldea handitzeko eskaera mahai gainean dutela
Botoa emateko eskubidea duten 7.078 ertzainek 60 ordezkari aukeratu beharko dituzte: 17 Araban, 23 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan.
Ertzaintzarako sindikatuen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte gaur, eta lehia gorabehera, sindikatu guztien eskaera da lantaldea handitu eta 8.000 ertzain izatea.
Erroldaren arabera, 7.078 ertzainek dute botoa emateko aukera eta guztira 60 ordezkari aukeratu beharko dituzte: 17 Araban, 23 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan.
Ertzaintzako aurreko hauteskunde sindikalak 2022ko otsailaren 10ean egin ziren. Gaur egun, ERNEk 22 ordezkari ditu, ESANek 20, EUSPELek 10, SIPEk 7 eta ELAk 4.
Hauteskundeotan aurretik botoa emateko epea asteartean bukatu zen, eta orain arte boza eman ez duten ertzainek 10:00etatik 18:00etara izango dute bozkatzeko aukera. Gorabeherarik ezean, behin-behineko emaitzak 20:00ak inguruan jakinaraziko dira.
Ernek 20 urte daramatza lehen indarra izaten, baina boz hauetara ez da Roberto Seijo buruzagi historikoa aurkeztuko, erretiroa hartu duelako. Halaber, beste faktore batzuk ere kontuan hartu beharko dira. Batetik, Ertzainak Indarbidez ("Ertzainak borrokan" bezala ere ezaguna) mugimenduaren eragina, eta, bestetik, Erne, Esan eta Sipe sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin sinatutako lan hitzarmenaren oihartzuna.
ELA sindikatuak duela lau urte lau ordezkari lortu zituen eta negoziazio mahaitik kanpo gelditu zen. Aurten, aurrenekoz, Ekos sindikatu berria aurkeztu da.
Nolanahi ere, Ertzaintzako sindikatu guztien lehentasuna da lantaldea 7.000 lagunetik 8.000ra handitzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela