EAEko funtzionarioen 35 orduko lan-astea baliogabetzea berretsi du Gorenak
Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietarako III. Salak berretsi egin du 2016ko abenduaren 20ko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia, erkidego horretako funtzionarioen asteko lanaldia 35 ordukoa izatea ezartzen zuen dekretu autonomikoa bertan behera utzi zuena.
Horrela, Gorenak ez du onartu Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurka jarritako helegitea.
"Administrazio publikoek, errekurtsogilea den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio autonomikoaren kasuan bezala, haien zerbitzura dauden langileen urteko lanaldia ezartzen dute, eta 2012rako Estatuko Aurrekontu Orokorren ekainaren 29ko 2/2012 Legeko hirurogeita hamargarren amaierako xedapenak ezarritako mugak errespetatu behar dituzte, indarrean baitago", epaiaren arabera. Xedapen horrek 37 ordu eta erdiko lanaldia ezartzen du langile horientzat.
Baliogabetutako dekretua 2016ko otsailaren 2an eman zuen Administrazio Publiko eta Justizia Sailak, eta 2016rako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioentzako lanaldia ezartzen zuen. Estatuko abokatuak helegitea jarri zion, EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen, eta xedapena bertan behera utzi zuen.
Gernikako Estatutuaren urraketa
Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak Gernikako Estatutua urratzen duela salatu du Eusko Jaurlaritzak.
Ebazpena bidegabetzat jo du, "areago Espainiako Gobernua bera Estatuko Administrazio Publikoan 35 orduko lan-astea ezartzea aztertzen ari dela kontuan hartuta".
Josu Erkoreka bozeramaileak ohar bidez salatu duenez, Gorenaren epaiak "Gernikako Estatutuaren 10.2 eta 10.4 artikuluak urratzen ditu, Funtzio Publikoa antolatzeko ahalmena aitortzen duen zatia, hain zuzen ere".
Erkorekak erantsi du 35 orduko lan-astea inoiz ez dela auzitan jarri, eta, ondorioz, erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoan inork ez duela ulertuko azpimarratu du.
Honek guztiak Espainiako Gobernuaren zentralizaziorako joera agerian uzten duela gaineratu du.
Ebazpena zorrotz aztertuko dutela eta auzia sindikatuekin Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean analizatuko dutela jakinarazi du Erkorekak.
35 orduko lan-astea mantentzea eskatu dute ELAk, LABek eta CCOOk
ELA eta LAB sindikatuek, berriz, 35 orduko lan-astea manten dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Hala egin ezean, "euskal autogobernuaren kontrako erasoa" izango dela eta Administrazio Publikoan "milaka enplegu suntsitu" egingo direla ohartarazi du ELAk ohar batean.
Sindikatu abertzalearen iritzian, Espainiako Estatuaren abokatuak 35 orduko lan-astearen aurka egin izanak argi erakusten du Espainiako Gobernuak eskubide sozialetan atzeraka jarraitzen duela. "Euskal autogobernuaren kontrako erasoa da", erantsi du.
Horrez gain, honek guztiak "aldebikotasuna" zalantzan jartzen duela azpimarratu du, "hemengo langile publikoen baldintzak ere ezin ditugulako hemen erabaki".
"Euskal administrazioak Madrilen hartutako erabakiak aplikatzen dituzten sukurtsalak baino ez dira", kritikatu du.
Beste ohar batean, LAB sindikatuak ere ildo beretik jo du, eta 35 orduko lan-asteari euts diezaiola eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Epaia "oso larria" eta "onartezina" dela adierazi du, "EAEko Administrazio Publikoaren eta sindikatuen arteko akordioaren kontra egiten duelako".
"Argi dago Madrildik murrizketak eta lan-baldintzak okertzeko neurriak baino ez direla iristen. Espainiako Gobernuak ez du euskal administrazioko negoziazio kolektiboa errespetatzen", gaineratu du.
LABen arabera, euskal zerbitzu publikoak "blindatzeko" aukera bakarra "marko legal propioa" sortzea da, "araudi propioa onartuta eta Espainiako legedia albo batera utzita".
Era berean, funtzionarioen 35 orduko lanaldia mantentzeko, beharrezko neurri guztiak hartzea eskatu dio Euskadiko CCOOk Jaurlaritzari.
"35 orduko lanaldia, Mahai Orokorrean lortutako akordioa eta negoziazio kolektiboaren lorpena izateaz gain, enplegua birbanatzea eta kalitatea hobetzea da, eta egunotan guztiz beharrezkoa da", azpimarratu du sindikatuak.
CCOOren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak aurreratu ditzakeen bi neurri daude "une honetatik bertatik: murrizketak atzera botatzeko PPren Gobernuari presioa egitea, eta Mahai Orokorra berehala deitzea, Andaluziako Funtzio Publikoaren Mahaian lortutako akordioaren antzeko bat negoziatzeko, han 35 orduko lanaldia mantentzea lortu baitute".
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiak gasolio-, gasolina- eta keroseno-erreserbak ditu ia 100 egunerako
Sara Aagesen hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak berretsi du Espainiako gas- eta petrolio-merkatuak "lasai eta normal" funtzionatzen ari direla.
Espainiako Gobernuak 107 milioi inbertituko ditu Multiverse Computing enpresa donostiarrean
2025ean, Eraldaketa Teknologikorako Espainiako Sozietateak bere babesa eman zion konpainiari 59,2 milioi euroko inbertsioarekin, AAri lotuta aurrerapen teknologikoak sustatzeko helburuarekin.
Bizkaiko Aldundiak iragarritako aldaketa fiskalek langileen artean desberdintasunak sortzen dituztela salatu du ELAk
Aldundiak beherapen fiskalak eskaini nahi ditu enpresak bertan errotzeko eta langileak erakartzeko. ELAren arabera, "enpresarien zerbitzura" egindako neurriak dira, eta langileen artean ezberdintasunak sortuko dituzte.
Araban, AP-68a % 70 merkeago izango dute autoek, eta % 50, kamioiek
Foru Aldundiak azaroan hartuko du bere gain bide horren Arabako zatiaren kudeaketa. Tarifen helburua lurraldeko gaitasun handiko bideen "zaintzeko eta modernizatzeko baliabideak biltzea" izango dela adierazi du.
Osakidetzak deitutako EPEaren azterketak gainditu dutenen batez besteko tasa % 90 ingurukoa da
Epaimahaiek berehala zuzentzen dituzte azterketak, eta Osakidetzak egun berean edo hurrengo egunean argitaratzen ditu notak. Normaltasunez eta gorabeherarik gabe egin dituzte probak.
Osakidetzako EPEaren azken egun handia BECen
Guztira, 13.112 pertsonak eman dute izena Erizaintzako hautaprobak egiteko. Administrari laguntzaile (16.728 hautagai) eta administrari (9.821) lanpostuak betetzeko azterketak ere egin dituzte goizean.
Kutxa Fundazioak Elgoibarko Geminis enpresa erosi du
Lehendik erosita zuen Itziarko Gurutzpe enpresarekin batzea da operazioaren asmoa, talde indartsu baten bidez nazioartean lehiatu ahal izateko. Guztira 70 milioi euro fakturatzea espero dute.
Medikuek "benetako negoziazioa" eskatu dute, "greba mugagabea saihestu" nahi bada
"Lanbidearen garrantzia eta berezitasuna onartua izan arte", mobilizatzen jarraituko dutela ziurtatu du Euskadiko Medikuen Sindikatuak.
Deustobarometroaren arabera, etxebizitza da oraindik ere kezka nagusia Euskadin, eta galdetutakoen % 47k uste dute euskara eskakizunak gehiegizkoak direla enplegu publikoan
Etxebizitza da Euskadin kezka nagusia, eta osasun arloak garrantzia hartu du berriz herritarrak gehien kezkatzen dituzten arazoen artean. Deustobarometroak, gainera, euskararen egoerari, bizitzaren kostuarekiko kezkari eta etorkizuneko Estatutuan zerbitzu publikoak blindatzeari buruzko kezkak islatzen ditu.
Abian da Osakidetzako inoizko lan eskaintzarik handiena: 100.000 hautagai 3.700 lanpostutarako
Bederatzi kategoria profesionaletarako azterketak egingo dira BECen: Administrazioko eta kudeaketako goi mailako teknikaria, Fisioterapeuta, Laborategiko teknikari espezialista, Zeladorea, Erizaintzako laguntzailea, Zerbitzuetako langilea, Erizaina, Administrazioko laguntzailea eta Administraria.