Getariako Txakolin uzta berriaren 3,1 milioi botila merkaturako dira
Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenak 2019ko uztaren datuak eman ditu, eta jakinarazi du 2018koen "ia berdinak" direla, 3.400.000 kilo mahatsekin, eta 3,1 milioi botila inguru merkaturatuko dituztela.
Salmentei dagokienez, 2019an % 4,5 hazi dira, aurreko urtekoen aldean. Gipuzkoa eta EAE osoa dira, berriro, merkatu nagusiak (% 80), eta atzetik daude Madril eta Bartzelona % 10arekin.
Beste % 10a beste estatu batzuetara saldutakoa da. Gehien AEBetan saltzen dute, % 65, eta gero datoz Frantziako Estatua (% 10), Erresuma Batua (% 5) eta Japonia (% 5). Gainerakoan, Europa iparraldeko merkatuetan izan omen du gorakada txakolinaren salmentak.
Aurten Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte dietista-nutrizionistak eskuratu dute jatorrizko izendapenak ematen duen "Mahasti Jaun" saria, ETB2ko 'A Bocados' saioan "bertako produktuarekin sukaldaritza osasungarria defendatzen" egiten duten lanagatik .