Urtebete pasa da Zaldibarren lan eta ingurumen hondamendia gertatu zenetik
Zaldibarko (Bizkaia) lan eta ingurumen hondamendiaren lehen urteurrena beteko da larunbat honetan. Duela urtebete milaka tona hondakin behera etorri ziren. Urtebete geroago Joaquin Beltran beharginaren gorpuaren bila jarraitzen dute. Luiziak bi langile harrapatu zituen zorigaiztoko egun hartan.
Zaldibar Argitu plataformak mobilizazioak deitu ditu larunbaterako Zalla, Etxebarria, Elgeta, Markina-Xemein, Eibar, Zaldibar eta Ermuan. Era berean, Joaquin Beltranen familiarentzat oroimen eta mobilizazio eguna izango da. Zallan elkarretaratzea deitu dute desagertutako langilearen senitartekoek.
Zabortegia 2020ko otsailaren 6an behera etorri zen, eta gertakariak Euskal Herria astindu zuen. Ingurumen krisia eragiteaz gain, ekaitz politikoa sortu zuen, polemika handia EAEko hauteskundeen atarian, eta baita ondoren ere.
Hilabeteak bilatzen eman ondoren, iragan abuztuan Alberto Sololuze langilearen gorpuzkiak topatu zituzten hondakinen artean. Orduz geroztik, Joaquin Beltran aurkitzeko lanean jarraitu dute, baina oraingoz emaitzarik gabe.
Luiziarengatik erantzukizunak eskatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte urtebetean. Bestalde, ikerketa judiziala abian da, eta Verter Recycling enpresako hiru arduradun auzipetu dituzte. Europako Batzordea ere zabortegian gertatutakoa ikertzen ari da.
Iñigo Urkullu lehendakaria gogor kritikatu dute oposizioko indar politikoek, luiziaren kudeaketagatik. Hondamendia gertatu eta handik gutxira, covid-19 pandemiak lan-istripuari tokia kendu zion egunkarietako lerro-buruetan, baina gizarte eragileek eta indar politiko batzuek erantzukizunak eskatzen jarraitu dute.
Iragan uztaileko hauteskunde autonomikoen ostean, EAJ-PSE koalizioak Eusko Jaurlaritza osatu zuen berriro. Sailetan aldaketak izan ziren, eta Iñaki Arriola sozialistak Ingurumen Saila utzi zuen. Arantxa Tapia jeltzaleak hartu zuen haren lekua.

Makineria Zaldibarko zabortegian, lanean. Argazkia: EFE
Ikaraldiz ikaraldi
Duela urtebete, otsailaren 6an, 16:00ak aldera gertatu zen tragedia. Milaka tona industria-hondakin behera etorri ziren zabortegian. Arratsalde horretan bertan, suhiltzaileek eta ertzainek bi langileak erreskatatzeko lanak abiatu zituzten. Hala ere, bilaketa lanak laster eten behar izan zituzten, zabortegian amianto hondakinak agertu zirelako.
Material toxiko horren presentziaz gain, zabortegiaren goialdean suteak piztu ziren, gasen errekuntzaren ondorioz.
Ikaraldiz ikaraldi, otsailaren 14an airearen azterketek dioxinak antzeman zituzten zonaldean, zabortegiaren suteek eraginda. Sua astebete geroago itzali zuten, baina dioxina maila normalean baino 40 aldiz handiagoa zen. Leihoak ixtea eta kalean kirolik ez egitea gomendatu zien Eusko Jaurlaritzak Zaldibar, Ermua eta Eibarko bizilagunei. Gainera, Eibar-Reala norgehiagoka bertan behera geratu zen.
Uztailaren 21ean, Ertzaintzak Verter Recycling enpresako hiru zuzendari atxilotu zituen, besteak beste, Luis Barinaga zabortegiko jabea eta Arrate Bilbao konpainiako administratzaile bakarra. Atxilotuei arduragabekeriazko homizidioa egotzi zieten, baina behin-behineko askatasunean utzi zituzten Durangoko epaitegian galdekatu ondoren.
Abuztuaren 16an erreskate taldeek Alberto Sololuzeren gorpuzkiak topatu zituzten zabortegian, DNA probak ondoren baieztatu zutenez.
Durangoko epaitegiak Verter Recyclingen eta konpainiako hiru arduradunen aurkako auzia zabaldu zuen iragan astean, ingurumenaren aurkako delitua leporatuta.
BIDEOA Marta Alvarez Joaquin Beltranen koinata: ''Ez dugu zabortegia zigilatzea nahi Joaquin aurkitu gabe''
Luiziaren “kronologian” egun berezia izango da larunbata, hondamendiaren urteurrena betetzen baita. Bitartean, Joaquin Beltran bilatzen jarraitzen dute. Beltran aurkitu arte zabortegia ez zigilatzea eskatu du Zallako Udalak adierazpen instituzional batean.
Beltranen gorpua aurkitu ondoren, zabortegia ixtea eskatu du Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak, “dagoeneko nahikoa ingurumen eta giza arazo sortu dituelako”.
Zentzu horretan, Estefania Rojo Joaquin Beltranen familiaren abokatuak adierazi duenez, senideen kezka nagusia da, “nahiz eta bilatzen jarraitzen dutela jakin, topatu gabe, uneren batean, zabortegia zigilatu behar dutela esatea”. “Onartuko ez luketen gauza bakarra da”, erantsi du.
Instrukzio judizialaren “hasiera” baino ez dela azaldu du Rojok Radio Euskadin. Horregatik, epaiketa noiz hasiko den “jakitea ezinezkoa” da, adierazi duenez. Bestalde, gorpuzkiak aurkitu ez izanak ondorio judizialik ez duela argi esan du abokatuak.
“Berandu gabe” Joaquinen gorpuzkiren bat topatu dutela esatea espero du langilearen familiak, onartu duenez. “Gaur gaurkoz, duten nahi eta asmo bakarra da”, gaineratu du.
“Hilabeteak joan ahala itxaropen gutxiago dute, baina bilatzen ari diren zonaldean aukera handiak dira; berandu baino lehen gorpuzkiak agertuko direla uste sendoa du familiak”, ziurtatu du.
Azkenik, Joaquin Beltranen familiak uste du “zabortegia kudeatzeko orduan arau-haustea izan zela, eta luiziak kalteak eta heriotza eragin zuten”, abokatuak azpimarratu duenez. Horregatik, arduragabekeriazko homizidio delitua eskatu dute.
Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformako kideak deitoratu duenez, nahiz eta zabortegiak “hondamendi ekologiko eta humanoa” eragin, Eusko Jaurlaritzan “ez dute dimisio bakarra eman”. Bizilagunak eta oposizioko indar politikoak hasieratik zabortegiaren aurka azaldu ziren, baina, hala ere, martxan jarri zuten, legeak eta arauak “ad hoc” eginez, gogorarazi du Zabartek.
Azaldu duenez, 2011ko maiatzean, EAJk Alkatetza galdu baino 15 egun lehenago, zabortegiak lizentzia lortu zuen.
Zabarteren hitzetan, nahiz eta zabortegiaren kudeaketan “hainbat astakeria” gertatu, bi langileen heriotza saihestea posible zen.
“Luizia gertatu baino lehen, arrakala kezkagarriez ohartarazi zuen Joaquin Beltranek berak, eta aldi berean, zabortegiaren egoera txarraren inguruko txosten bat jaso zuen enpresak. Lantokia hustu beharrean, jarduerarekin jarraitu zuten”, deitoratu du.
Bestalde, Sabino Zubierrementeria Eitzaga auzoko bizilagunak kritikatu duenez, auzoko 37 herritarren jarraipen medikoa egiteari uko egin dio Eusko Jaurlaritzak, nahiz eta bertakoek eskatu.
“Bi edo hiru pertsonak arnasteko arazoak dituzte. Edozein gauzaren eraginez izan daiteke, baina ez dakigu”, deitoratu du bizilagunak. Zubierrementeriaren ahotan, nahiz eta zabortegian amianto hondakinak egon, Eusko Jaurlaritzak egindako neurketetan ez da “sekula” kutsadurarik azaltzen.
Luizia gertatu aurreko zortzi urteetan zehar zabortegian sute txikiak izan ziren, baina hondamendia gertatu ondoren piztu zirenek sortutako alarma ez zuten eragin, Zubierrementeriak erantsi duenez.
“Urteetan kiratsa zerion hondakindegiari, jasangaitza zen. Guretzako hainbat urteetako desgrazia izan da zabortegia”, nabarmendu du.
Tragediaren urteurren bezperan, “Joaquin Beltranen gorpua bilatu eta aurkitzeko”, Eusko Jaurlaritzako lantaldeekin “lankidetza” lehentasuna dela esan du Verter Recycling enpresak.
Zabortegiko luiziaren inguruko informazio guztia Justiziaren esku jarri dutela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Eusko Jaurlaritzak “irmo eta zorrotz erantzukizun guztiak” eskatuko dituela gaineratu du agintariak.
Urkulluk Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideari erantzun dio Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Zabortegiaren gaineko kontrolek “huts” egin zutela bistakoa dela azpimarratu du Mikel Oterok. Eusko Jaurlaritzak lanean jarritako baliabideak aintzat hartu ditu koalizioko ordezkariak, baina gertatutakoaren erantzukizun osoa Verter Recycling enpresari leporatzea aurpegiratu dio lehendakariari.
Zure interesekoa izan daiteke
Balenciaga ontziolako langileek eta Abu Dhabi Ports talde arabiarrak konpainiaren geroa bermatu dute, soldataren inguruko akordioa erdietsita
Langileekin akordioa lortzea ezinbesteko baldintza zen ontziola erosteko. Adostutakoaren arabera, soldatak % 5 jaitsiko dizkiete beharginei, baina hori onartuta, talde arabiarrak Zumaiako ontziola erosi ahalko du, 11,2 milioi euroren truke.
Eusko Jaurlaritzak "positibotzat" jo du Balenciaga ontziolan lortutako akordioa, eta langileei egindako "esfortzua" eskertu die
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak esan duenez, negoziazioan "soka asko tenkatu da, baina ez da inoiz apurtu". Akordioak lan-karga emango die ontziolaren beraren beharginei zein haren menpe dauden lanpostu ez zuzenei.
Zumaiako alkateak zoriondu egin ditu Balenciaga ontziolaren negoziazioan parte hartu duten alde guztiak
Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea, pozik agertu da akordioarekin eta zorionak eman dizkie Balenciaga ontziolaren negoziazioan parte hartu duten alde guztiei, eta aipamen berezia egin die langileei.
Behiak txertatzen hasi dira Ipar Euskal Herrian, laborarien protesten artean
Izuran lehen 30 behiak txertatu dituzte jada. Albaitariek lan handia dute aurretik, abelburu guztiak erabat babesteko. Bitartean, laborariek protestekin jarraitzen dute, txertaketak garrantzia ez duelakoan. Ezarritako protokoloa bertan behera uzteko eskatzen diete agintariei.
ELAri kalte-ordaina eman beharko dio Tubos Reunidos Threadsek greba eskubidea larriki urratzeagatik
Enpresak greban zeuden langileak plantillako beste langile batzuekin ordezkatu zituela egiaztatu zuen Lan Ikuskaritzak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ondorio hori berretsi du.
CAFeko langile batzordeak eskatu du kontratuak kalitatezko enplegua ekar dezala "langileentzat eta azpikontratentzat"
Mikel Fernandino LAB sindikatuko ordezkariaren esanetan, albistea oso ona da, eskaria "bolumen handikoa" eta "Europakoa" delako.
CAFek lortu egin du "mendeko kontratua": 1.700 milioi euro Belgikan trenak egiteko
Beasainen egoitza duen konpainiak kontratu horren inguruko ziurgabetasunarekin amaitu du; izan ere, polemika handia piztu zen han, Alstom enpresa frantziarrak dagoeneko hainbat lantegi baititu Belgikan, eta enpresa horrek kontratua ez lortzea kritikatu zuten.
Balenciaga ontziolako langileek atzera bota dute Abu Dhabi Ports talde arabiarraren azken eskaintza
Pasa den azaroaren 30ean, Balenciaga ontziolak salerosketa akordioa sinatu zuen aipaturiko inbertsio talde arabiarrarekin, 11,2 milioi euroren truke. Salerosketa ixteko, ordea, ezinbesteko baldintza da langileekin akordioa lortzea. Antza denez, langileen erosahalmena bermatuko luketen soldatak dira akordiorako korapilo nagusia.
Talgoren erosketaren ondoren, partzuergoko kideek Rivabellosako fabrika bisitatuko dute
Imanol Pradales lehendakaria eta Jose Antonio Jainaga enpresaria buru zirela, akziodun berriek Talgo enpresak Rivabellosan dituen instalazioak bisitatu dituzte. Denek uste dute operazioa funtsezkoa izan dela enpresaren jarduera eta enplegua sendotzeko, eta etorkizun oparoa iragartzen diote tren-enpresari.
Petronorreko greba bertan behera, enpresak bide judizialari uko egin ostean
Sindikatuek bertan behera utzi dute greba mugagabea, zuzendaritzarekin adostuta, 83 eguneko lanuztearen ondoren.