EUROPAKO FUNTSAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritzak hiru proiektu aurkeztuko ditu Europako Next funtsetara

Basque Mobility, Datuaren Ekosistema eta Basque Advanced Therapies dira Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari bidaliko dizkion hiru proposamenak, azken horrek aipaturiko Europako suspertze funtsak lortzeko eskaera egin dezan.
Arantxa Tapia aurreko asteko gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Argazkia: EiTB Media

Eusko Jaurlaritzak hiru proiektu estrategiko aurkeztuko dizkio Espainiako Gobernuari Europar Batasuneko Next funtsetara aurkeztu ditzan: Basque Mobility, Datuaren Ekosistema eta Basque Advanced Therapies. Proposamen horien inbertsio osoa 1.854 milioi eurokoa izango da.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, eman ditu azalpenak Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Azpiegitura eta Ingurumen sailburuak. Haren esanetan, ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Next 21-26 Programaren baitan jasotako beste egitasmoak garatuko ez direnik. Are gehiago, Europako hurrengo deialdietara aurkeztu edo finantzazio publiko-pribatua lortzen saiatuko direla esan du.

Espainiako Gobernuaren erantzuna noizko espero duen galdetuta, urte amaiera aipatu du Arantxa Tapiak. Onartu du ez duela gobernu espainiarraren konpromisorik hiru proiektu horietako bakar batek ere diru-laguntza izango duela esateko, baina oro har harrera ona izan dutela gehitu du. 

Halaber, baliabide guztiak ongietorriak izango direla azpimarratu du: "Ez dugu baliabide bakar bat ere alferrik galduko".

Mugikortasun berria, trantsizio digitala eta osasun-terapia aurreratuak

"Basque Mobility" proiektua euskal industria mugikortasun berri, autonomo, konektatu eta jasangarrian kokatzeko apustu estrategikoa da. Ibilgailuen elektrifikazioa sustatzeko industria-ekosistema bat sortu nahi da, bai baterien sorrera ikertzearen eta garatzearen bidez, bai egokitzapenaren, bilakaeraren eta dibertsifikazioaren bidez.

Bestalde, "Datuaren ekosistema" proiektuak, datua aberastasun-sortzaile gisa erabiltzearekin lotzen den balio-kateko mailak biltzen ditu: subiranotasun digitala, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa eta industriara aplikatutako adimen artifizialeko Europako zentroa.

Amaitzeko, "Basque Advanced Therapies" proiektuak Euskadi osasun-sisteman punta-puntako erreferentzia bihurtuko duten terapia aurreratuen proposamena hartzen du bere baitan.

Zure interesekoa izan daiteke

Mercosur protesta Gasteizen
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Mercosurren eta EBren arteko akordioaren kontra egin dute ehunka lagunek Gasteizen

Lehen sektoreko kideek, traktore eta guzti, manifestazioa egin dute larunbat honetan Gasteizen, Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioaren aurka eta Euskal Herriaren elikadura-subiranotasunaren alde. Araba Bizirik, Ataca, Bionekazaritza eta UAGA elkarteek deitutako protestan, itun horrek elikagaien osasuna eta segurtasuna arriskuan jarriko dituela salatu dute, "Europan debekatuta dauden pestizida, transgeniko eta osasunerako kaltegarriak diren hormonak erabiltzen dituzten multinazionalei ateak are gehiago irekitzen dizkielako".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X