Ministroen Kontseiluak 2022rako erretiro-pentsioen igoera onartu du
Ministroen Kontseiluak astearte honetan onartu du aurten kotizaziopeko erretiro-pentsioak % 2,5 eta gutxieneko eta kotizazio gabeko erretiro-pentsioak % 3 igotzeko Errege Dekretua, Estatuko 2022rako Aurrekontu Orokorretan eta pentsioen erreformaren lehen pausoan (urtarrilaren 1etik dago indarrean) ezarritakoaren arabera.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteburuan iragarri zuenez, Gobernuak 6.500 milioi euro bideratuko ditu adinekoen pentsioak "duintzeko".
Zenbateko horretan sartzen da pentsiodunentzako konpentsazio-ordainsariaren kostua, 2021ean prezioak hasierako igoerarekiko desbideratzeagatik (% 0,9), 2.000 milioi eurotik gorako kostua baitu.
Kotizaziopeko pentsioak % 2,5 igoko dira aurten, pentsioen erreforman aurreikusitako formularen arabera, KPIa kontuan hartzen baita erosteko ahalmenaren galerak saihesteko.
Formula hori indarrean dagoela, 2021eko prezioen desbideratzeagatiko konpentsazio-ordainsaria izango da pentsiodunek jasoko duten azkena. Urte honetatik aurrera, pentsioak KPIarekin eguneratuko dira.
Zehazki, % 2,5eko igoera hori 2020ko abendutik 2021eko azarora KPIaren batezbestekoaren emaitza da. Klase pasiboen pentsioak ere % 2,5 igo dira aurten.
Gutxieneko pentsioen, kotizazio gabeko pentsioen eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunentzat, igoera % 3koa izango da aurten.
Kotizaziopeko pentsioen % 2,5eko igoerarekin, modalitate honetako gutxieneko pentsioak hilean 10 eta 59 euro artean igoko dira gutxi gorabehera, pentsio motaren eta inguruabar pertsonalen arabera.
Zehazki, ezkontidea ardurapean duten 65 urtetik gorako erretirodunentzat, kotizaziopeko gutxieneko pentsioa hilean 890,5 eurokoa izango da 14 ordainsaritan (2021ean, berriz, 851 eurokoa zen hilean); ezkontiderik gabekoena, pertsona bakarreko unitate ekonomikoena, 721,7 eurokoa izango da (aurretik 689,7 eurokoa zen); eta ezkontidea ardurapean ez duten erretirodunena, 685 eurokoa (2021ean, berriz, 654,6 eurokoa zen).
Ezkontidea ardurapean duten 65 urtetik beherako erretirodunentzat, kotizaziopeko gutxieneko pentsioa hilean 834,9 eurokoa izango da 2022an (797,9 euro 2021ean); ezkontiderik ez dutenentzat, 675,2 eurokoa izango da (645,3 eurokoa zen aurretik); eta ezkontidea ardurapean ez dutenentzat, 638,2 eurokoa (609,9koa zen 2021ean).
Bestalde, urtarrilaren 1etik, erretiro-pentsio maximoa 2.819,19 eurokoa da hilean, hamalau ordainsaritan, eta 2.750,42 eurokoa zen 2021ean.
Kotizaziopeko gutxieneko alarguntza-pentsioak hilean 24 eta 37 euro artean igoko dira aurten, egoeraren arabera. Zehazki, familia-kargak dituzten titularrentzako gutxieneko alarguntza-pentsioa hilean 834,9 eurokoa izango da, eta 797,9 eurokoa zen aurretik.
65 urtetik gorakoa bada edo % 65eko edo hortik gorako desgaitasuna badu, gutxieneko alarguntza-pentsioa hilean 721,7 eurokoa izango da, hau da, 2021ean baino 32 euro gehiago.
Alarguntza-pentsioaren titularrak 60 eta 64 urte bitartean baditu, aurten 675,2 euro jasoko ditu hilean (645,3 euro jasotzen zituzten iaz); 60 urtetik beherako onuradunen kasuan, berriz, prestazioa 546,8 eurokoa izango da hilean (522,5 eurokoa zen iaz).
Bestalde, baliaezintasun handiko kotizaziopeko gutxieneko pentsioa 1.335,8 eurora igo da aurten hilean (1.276,5 eurokoa zen iaz) ezkontidea ardurapean izanez gero, eta 1.082,6 eurora ezkontidea (pertsona bakarreko unitate ekonomikoa) bere kargura ez badu (1.034,6 euro jasotzen zituen iaz).
Ezkontidea ardurapean duten 65 urteko titularren ezintasun absolutu edo osoagatiko gutxieneko pentsioa hilean 890,5 eurokoa izango da aurten, iazko 851 euroen aldean; ardurapeko ezkontiderik ez dutenena (pertsona bakarreko unitate ekonomikoa), berriz, hilean 721,7 eurokoa izango da (689,7 euro 2021ean).
Umezurtz-pentsioen kasuan, gutxieneko zenbatekoa hilean 220,7 eurora igoko da onuradun bakoitzeko (2021ean 210,8 euro ziren); aldiz, onuradunak 18 urte baino gutxiago baditu eta % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna badu, pentsio horien zenbatekoa 434 eurokoa izango da hilean, 2021ean baino 19,3 euro gehiago.
Aurten, senideen aldeko gutxieneko pentsioa 220,7 eurokoa izango da hilean; iazko ekitaldian, berriz, 210,8 eurokoa zen.
Zure interesekoa izan daiteke
Akordioa Mercosurrekin: zer da eta nola eragingo dio Europari?
Europa osoko nekazariek asteak daramatzate protestan, besteak beste, EBk Mercosurrekin lortu duen eta herrialde kideek onartu duten akordioagatik. Itun ekonomiko honek Hego Amerika eta Europaren arteko merkataritza arautuko du, eta sektore batzuei mesede egiten die eta beste batzuei kalte egin diezaieke.
EBren eta Mercosurren arteko akordioak "eragin larria" duela ohartarazi dute ENBA eta UAGN abeltzaintza elkarteek
"Brasildik edo Argentinatik datorren okela merkaturatzea ahalbidetuko duen agertoki baten" ondorioen aurrean ohartarazi du erakundeak; euskal ustiategi batek dituen "ekoizpen-kostuen oso azpitik" finkatzen baitu prezioa.
A63ak itxita jarraitzen du Baionako tartean nekazarien protestengatik baina auto-ilarak desegiten doaz
Pirinio Atlantikoko Prefeturak jakinarazi duenez, 02:00etan 80 nekazari asindikalek, 60 traktore erabilita, A63 autobidea blokeatu dute Baiona iparraldeko lotunearen parean eta goizetik arazo handiak izan dira inguruetan. Gainera, Prefeturak Biriatuko muga itxi du 7.500 kilotik gorako kamioientzat bi noranzkoetan. Jaurlaritzak EAEko errepideetatik igarotzeko debekatu die 7.500 kilotik gorako kamioiei Frantzia aldera.
Alberto Martinez, medikuen grebari buruz: "Bi urteren eta 12 zirriborroren ondoren, akordio batera iristeko unea da"
Alberto Martinez Osasun sailburuak gogorarazi duenez, langile estatutarioen harremanen esparrua ezartzen duen Estatutu Markoa "Osasun Ministerioaren eskumen esklusiboa da, eta Ministroen Kontseilura eta, ondoren, Kongresura eraman behar du, onar dezan". Horren ildotik, Osasun Saila "Estatutu Markotik kanpo ateratzen den guztia" negoziatzeko moduan dagoela esan du.
EBko herrialdeek oniritzia eman diote Mercosurreko herrialdeekin akordioa sinatzeari
Ezezkoa eman dute Frantziak eta Hungariak, besteak beste.
Nekazariek eta abeltzainek ohartarazi dute EBren eta Mercosurren arteko balizko akordioaren aurkako mobilizazioak "areagotuko" dituztela
Hala iragarri du Raul Beitia Atacako presidenteak (Trebiñuko eta Arabako nekazarien eta abeltzainen elkarte independentea), Nekazaritza Politika Komun berriaren aurkako bigarren protesta egunean. 50 bat traktorek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gasteizen, Gobernuaren Ordezkariordetzara eramango dituen beste martxa bat egin aurretik.
Balizko akordio bati azken zertzeladak ematen ari dira EB eta Mercosur, nekazarien protesten artean
Frantziak, Hungariak eta Irlandak publikoki esan dute uko egingo diotela itunari, baina azken orduetan Italiako Atzerri ministro Antonio Tajanik adierazi du begi onez ikusi dutela Europako Batzordeak egindako azken askaintza.
Langile bat hil eta beste bat zauritu da Urruñan, eraikuntza-lanetan ari zirela
Istripua goizeko 09:15ak inguruan izan da, ur-biltegi bat eraikitzeko lanetan.
Mercosur akordioaren kontra, traktoreak kalera atera dituzte nekazariek Iruñean eta Gasteizen
Bihar sinatzekoa den Mercosur akordioaren kontra traktoreak kalera atera dituzte nekazariek. Iruñean eta Gasteizen traktoreak baliatuz egin dute protesta, haien kalterako izango omen den merkatu librearen akordioari aurre egiteko.
EAEko industria-jarduera % 0,8 hazi da urte batetik bestera azaroan, baina % 1,0 jaitsi da hiletik hilera
Eustaten datuen arabera, ekipo-ondasunek gora egin dute urterik urte, nahiz eta Araban hilean behera egin eta jarduerak behera egin.