Eusko Jaurlaritza kezkatuta agertu da medikuen grebarekin, Osasun Ministerioak eta greba batzordeak astelehenean bilera egin atarian
Sindikatuek mobilizazio egutegiari eutsi diote, eta akordiorik lortu ezean, apirilaren 27tik 30era greba egingo dute berriro.
Eusko Jaurlaritza "gero eta kezka handiagoarekin" jarraitzen ari da medikuen gatazka, eta erantzukizunez jokatzeko deia egin die Osasun Ministerioari eta medikuen sindikatuei, datorren asteleheneko bileraren atarian.
Gaur-gaurkoz, bi aldeak akordioa lortzetik urrun daude, eta, bitartean, apirilaren 27tik 30era deitutako grebari eutsi diote medikuek.
Espainiako Osasun Sistemako Lurralde arteko Osasun Kontseiluak bart egin duen bileran ez da aurrerapenik izan, Osasun Ministerioak greba batzordearekin asteazkenerako deitutako bilera bertan behera gelditu ostean.
Medikuen sindikatuek ez zuten onartu Pazienteen Erakundeen Plataforma estatutu markoaren aurkako grebarekin amaitzeko negoziazioetan bitartekari izatea, eta hori izan zen asteazkeneko bilera bertan behera uzteko arrazoi nagusia. Dena den, negoziaziorako beste aukera bat izango dute astelehenean.
Ildo horretan, Alberto Martinez Osasun sailburuak erantzukizunez jokatzeko deia egin die Espainiako Osasun Ministerioari, Monica Garcia ministroari eta greba batzordeari, asteleheneko bilerak "behingoz gatazka desblokeatzeko balio dezan".