Lehengaiak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Etxebizitzen eraikuntza % 10 eta % 15 artean garestitu da azken hiru hilabeteetan

Ukrainako gerrak eta energiaren krisiak lehengaiak garestitzea eragin dute, eta horrek arriskuan jarri du eraikuntzaren sektorea.
Eraikuntza sektoreko langileak
Eraikuntza sektoreko langileak. Artxiboko argazkia: EFE.

Elektrizitatearen prezioaren igoerak eta Ukrainaren inbasioaren ondorio ekonomikoek areagotu egin dute pandemia hasi zenetik eraikuntzaren sektorean nabari zen arazoa, lehengaien garestitzea, alegia. Urritasunak eta garestitzeak kontsumitzaileari eragiten diote.

Testuinguru inflazionista batean, burdin armatua, eraikuntzan gehien erabiltzen den materialetako bat, % 50 garestitu da azken hilabeteetan, eta adreiluaren prezioak % 40 egin du gora.

Garestitze horrek obra publikoak eta pribatuak garestitzen ditu. Sektoreko adituen kalkuluen arabera, etxebizitzen eraikuntzak duela bizpahiru hilabete baino % 10 eta % 15 artean gehiago balio du orain, eta igoerarik handiena azken hilabetean gertatu da.

Alfredo Pozueta Sukia Eraikuntzak enpresako gerenteak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan azaldu duenez, "tarifak astero-astero igotzen dizkigute eta gure gremioen eta hornitzaileen zailtasunak jasotzen ditugu".

Juan Antonio Gimenez Quintana Jicasako gerenteak azaldu du prezioen igoerak egun batetik bestera jakinarazten dizkietela. "% 3 eta % 5 inguru artean igotzetik % 15 eta % 20 artean igotzera igaro gara, baita % 35era arte ere, kasu batzuetan", esan du.

Egoera horren ondorioz, sustatzaile askok zenbait obraren hasiera geldiarazi behar izan dute. "Lan batzuetan sustatzaileak seinalea itzuli du", adierazi du Alvaro Unamuno Adolfo Sobrino Eraikuntzak enpresako kudeatzaileak.

Hala ere, arazorik handiena dagoeneko egoera aurreratuan dauden eta kontratu itxiak dituzten obretan dago. Sustatzaileek igoera onartu eta gainkostua beren gain hartu beste aukerarik ez dute aurrera egiteko. 

Enpresa eraikitzaileek lasaitasun-mezua helarazi diete dagoeneko etxebizitza baten erosketa sinatu duten bezeroei, baina ez dakite noiz arte eutsi ahalko dion higiezinen sektoreak egoera horri.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 01/04/2026.- El delegado de ESK en Tubos Reunidos, Gorka Abascal, muestra el escrito que han entregado en las oficinas de la acería en Bilbao, en el que el Comité de Empresa reclama a la dirección la retirada del ERE que afecta a 285 trabajadores. EFE/Jon Ander Santamaria
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Tubos Reunidoseko enpresa batzordeak "inplikazioa" eskatuko dio Jaurlaritzari, asteazkenean egingo duten bileran

Gorka Abascal ESK sindikatuko ordezkari eta enpresa batzordeko kideak adierazi duenez, bilerara jarrera positibo eta arduratsuarekin joango dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak nola doazen ezagutzeko asmoz. Enpresak bere zorraren erdia Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki, SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearekin. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X