Bizkaibuseko Vectalia Txorierriko langileek greba-eguna dute gaurkoa berriro
Bizkaibuseko Vectalia Txorierriko langileak greba egitera deituta daude gaur, hilak 24, lan-hitzarmena berritzea aldarrikatzeko. Ostiralerako, apirilak 28, beste lanuzte-egun bat dago aurreikusita. Sindikatuek diotenez, negoziazioei berriro ekiteko zuzendaritzak noiz deituko dieten zain daude.
Erosteko ahalmena bermatzen duen soldata-igoera lortzeko aurrerapenak izan dira negoziazioetan, baina apirilaren hasieran izandako batzarrean, langileek proposamena errefusatu zuten, beste hainbat hobekuntza ere eskatzen dituztelako, hala nola gidarien atseden-tarteak handitzea edo lanpostu berdinean dabiltzan langileen artean soldata alderik ez egotea.
Mobilizazioei eusten dien Bizkaibuseko emakidadun enpresa bakarra da Vectalia Txorierri; izan ere, gainerako guztiek hitzarmena berritzeko akordioa lotu dute jada.
Zure interesekoa izan daiteke
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako