Hiru pertsona epaituko dituzte gaurtik aurrera Tubacexeko protestetan parte hartu zutelakoan
Tubacexen lan gatazkaren harira, hiru pertsona epaituko dituzte gaurtik aurrera Gasteizko epaitegian. 2021ean enpresaren zuzendaritzak martxan jarritako erregulazio espedientearen aurka, Laudio eta Amurrioko lantegietan egindako zortzi hilabeteko grebaren testuinguruan izan ziren istiluetan parte hartu zutelakoan auzipetu dituzte.
Auzipetutakoak ez dira Tubacexen langileak, babesa ematera joandako Aiaraldeko hiru gazte baizik. Desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatuaren ustezko delitua leporatzen diete. Fiskaltzak lau urte eta zazpi hilabeteko zigorra eskatu du eurentzat.
Aurreko epaiketetan bezala, protesta bilkura dago deituta epaitegiaren atarian (08:30etik aurrera). Hiru gazteen absoluzioa eskatu eta "langileriaren kriminalizazio saiakera" salatuko dute. Kritikatu dutenez, lan gatazkaren arabera, jarrera ezberdina izan dute Jaurlaritzak eta Ertzaintzak.
Arrazoi berarengatik, duela egun gutxi, enpresako beste langile bat absolbitu zuten eta beste bati gutxieneko zigorra ezarri zioten. Urriaren 11tik aurrera Laudioko lantegiko beste bi behargin epaituko dituzte desordena publikoa egotzita.
Zure interesekoa izan daiteke
SMU medikuen sindikatuak deitutako grebaren jarraipena % 4koa da, Osakidetzaren arabera
Repsolek auzitara eraman ditu Endesa, Iberdrola, Naturgy eta Red Electrica, itzalaldiagatik
Etxebizitzaren prezioak markak hautsi ditu berriro: 6.662 €/m2 Donostian eta 4.102 €/m2 Gipuzkoan
Espainiako Gobernuak bihar onartuko du gutxieneko soldata 1.286 eurora igotzea