GERRA KOMERTZIALA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Indarrean sartu da Txinak AEBko ondasunei ezarri dien % 125eko muga-zerga

Herrialde asiarrak uste du produktu estatubatuarrek jada ez dutela "benetako merkaturik Txinan", eta bestelako zerga batzuk ezartzea "hutsala" izango litzatekeela.
Beijing, Txina. Argazkia: EFE
Beijing, Txina. Argazkia: EFE

Txinak AEBtik inportatutako ondasunei ezarri dien % 125eko muga-zerga indarrean sartu da larunbat honetan, munduko bi ekonomia handienen arteko gerra komertzialaren azken atalaren baitan.

Ostiralean iragarri zuen neurria Estatu Kontseiluko Muga-zergen Batzordeak, Washingtonek Txinako esportazioei % 145eko muga-zerga ezarri izanari erantzuteko asmoz.

Txinako Merkataritza Ministerioak "herstura" neurriak hartzea egotzi dio AEBri, eta azken muga-zergen erasoaldia "zentzu ekonomikorik gabeko zenbaki jokoa" dela kritikatu du.

Ministerioak gehitu du AEBko produktuek jada ez dutela "benetako merkaturik Txinan", eta bestelako zerga batzuk ezartzea "hutsala" izango litzatekeela.

Lian Jian Atzerri gaietarako bozeramaileak ostiralean esan zuen Txinak ez duela gerra komertzialik nahi, baina ez dela "horren beldur", eta Washingtoni ohartarazi zion presioak bazterrean uzteko, tentsioak "elkarrizketaren bidez" baretu nahi baditu.

Txinak Merkataritzaren Mundu Erakundearen aurrean beste salaketa bat aurkezteko asmoa du, baina aitortzen du eragina apala izango dela, AEBren blokeoa dela eta.

Guzti horren aurrean, Donald Trump AEBko presidenteak ohartarazi du "Txinari kalte handiagoa" egingo diotela Beijingo Gobernuaren neurriek, eta "baikor" agertu da akordiorako aukeren aurrean. Gainera, Karoline Leavitt bozeramaileak azpimarratu du AEBk "kolpe bat jasotzen duenean, indar handiagoz erantzuten" duela.

Europar Batasunak, bestalde, errepresaliak iragarri ditu gerra komertzialari irtenbide negoziatua eman ezean, eta uste du AEB Europa baino gehiago kaltetuko duela.

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X