Euskal ekonomia boskoiztu egin da 4 hamarkadatan
Euskadiko Autonomia Erkidegoak sortutako barne produktu gordina (BPG) bost aldiz biderkatu da azken 40 urteetan eta 100.000 milioira gerturatzen ari da igande eta astelehen honetan argitaratuko den EITB Data azterlanaren arabera.
Pertsonako aberastasuna (BPG per capita), berriz, zortzi aldiz biderkatu da biztanleria modu apalagoan joan delako hazten. 1985ean 5.591 €-koa bazen, 2024an 43.674 €-koa izan da. Hazkunderik handiena 1985 eta 2005 artean izan zen eta aberastasunaren handitzean eragina izan zuen, besteak beste, euroa indarrean sartzeak. Ondorengo urteetan ere hazten joan da, baina maila leunagoan.
EAEn dauzkagun sektore ekonomikoak kontuan hartuta, aberastasunik handiena zerbitzuenak sortzen du. Sektoreak garapen handia bizi izan du eta zati handi bat industriari zerbitzua emateaz arduratzen da.Industriak, berriz, pisua galdu du urte hauetan guztietan.
Nazioartekotzea da euskal ekonomiak urte hauetan lortu duen beste ezaugarri bat. 1990. urtetik, esportazioak bederatzi aldiz biderkatu dira. Gaur egun, ekoizten denaren % 53,6 Europara edo munduko beste herrialde batzuetara bidaltzen da. Industria da gehien esportatzen duen sektorea; % 94 industriako produktuak dira. Zerbitzuen alorrean oso gutxi esportatzen da.
Enpleguaren garapena
Ekonomiaren garapenarekin batera, enplegagarritasuna hobetzen joan da. 1985ean lan egiteko adinean zeuden (20 eta 64 artean) pertsonen % 50ek soilik zeukan ordaindutako lanpostu bat. 2024an datu hori % 76koa da.
Emakumea lan munduan sartu eta egonkortzeak ere izan du eragina. Izan ere, emakumeen okupazio tasa % 31tik % 72ra igaro da 40 urtetan.
Enpleguaren kasuan ere zerbitzuen sektorea da jende gehien biltzen duena. Hamarretik zazpi sektore honetan aritzen dira gaur egun eta 1985ean, 10etik 5 ziren. Gutxi gora behera, 412.000 langile irabazi ditu sektoreak urte hauetan. Kontrako aldean dago industria: langileen % 41 izatetik % 20 izatera igaro da.
Lau hamarkada hauetan, enplegu publikoan ere hazkundea nabaritu da: 89.500 pertsona gehiago ditu. Urtean % 2,9ko hazkundea izan ohi du, enplegu pribatua % 1,1 hazten den bitartean.
Zure interesekoa izan daiteke
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako