2026an jarriko da martxan Petronorren eta OCO Technologyren agregakin sintetikoen planta, Bilboko Portuan
Proiektua 2024an hasi zen eraikitzen, eta Europa kontinentalean agregakin sintetikoak fabrikatuko dituen lehen lantegi industriala izango da. Agregakin horiek CO2 gasa harrapatzen dute, bai ekoizpen prozesuan zehar, baita horien bizitza baliagarrian ere.
Biscay Eco Aggregates lantegia eraikitzeko obrak, Bilboko Portuan. Argazkia: Petronor.
2026an jarriko da martxan Biscay Eco Aggregates planta, Bilboko Portuan, Petronorrek eta OCO Technology enpresak bultzatutako eko-agregakin sintetikoen lantegia. Proiektuak 20 milioi euroko inbertsioa du eta, obra zibileko fasea behin amaituta, ekipoak muntatzen hasiak dira.
Petronorrek ohar bidez jakinarazi duenez, proiektua 2024an hasi zen eraikitzen, eta Europa kontinentalean agregakin sintetikoak fabrikatuko dituen lehen planta industriala izango da. Material horiek CO2-a harrapatzen dute, bai ekoizpen prozesuan, baita bizi baliagarrian ere.
Proiektua finantzatzeko, Kutxabankek 11,5 milioi euroko mailegua sinatu zuen irailaren 2an; "finantza-babes handia", Petronorrek azpimarratu duenez.
Biscay Eco Aggregatesek Petronor (% 75) eta Britainiako OCO Technology enpresak (% 25) ditu akziodun, eta lantegia Bilboko Portuko AZ1 kaian egongo da.
Fabrikazio prozesuan, planta berriak harrapatutako CO2 gasa erabiliko ditu hondakinak tratatzeko, horiek zabortegietan amaitzea saihesteko (orain arte horrela egin izan da), eta horrek CO2 emisioak murriztuko ditu, baita hondakinak ere, balorizazio materialaren bidez.
Sintetikoa kareharrizko agregakin artifizial bat da, errausketa eta CO2 hondakinak erabiltzen dira lehengai gisa hura sortzeko, eta ekoitzi ondoren ere atmosferako CO2-a harrapatzen jarraitzen du. Horrela, agregakin naturala ordezkatzen du, eta "ekonomia zirkularraren adibide" gisa aurkeztu dute, "CO2 emisioak murriztuko dituena, eta baita hondakinak ere, balorizazio materialaren bidez", nabarmendu du Petronorrek.
232 proposamenen artean hautatu zen proiektua 2021ean, karbono isuri gutxiko teknologia berritzaileen proiektuetarako dirulaguntzak ematen dituen Innovation Fund Small Scale programan. Programa horrek 3,2 milioiko zuzkidura dakar. Horrez gain, Indartu programaren barruan dago, eta 1.160.000 euro jasotzen ditu hortik.