Bruselak altzairuaren gaineko muga-zergak bikoiztea proposatu du, Txinaren esportazioetatik babesteko
Proposamena Europako Parlamentuak eta estatu-kideek onartu beharko dute, aurrera egiteko.
Europar Batasunak berak ekoitzitako altzairua babestu nahi du, eta horretarako, neurriak proposatu ditu gaur arratsaldean: besteak beste, muga-zergak bikoiztea eta muga-zergarik gabe sartzen diren produktuen kopurua ia erdira murriztea nahi du, batez ere, Txinako industriaren "gehiegizko esportazioetatik" babesteko.
Orain, neurriok Europako Parlamentuak eta estatu-kideek onartu beharko dituzte, eta behin argi berdea jasota, egun indarrean dagoena ordezkatuko dute. 2026ko ekainetik aurrera izango da hori. EBren hitzetan, altzairugintzaren sektorearen egoera "jasanezina" da, hainbat herrialderen "lehia desleialaren ondorioz".
Xehetasunak zabaldu ez badituzte ere, gaur mahai gainean jarritako proposamenak muga-zergarik ez duten inportazioen kuota % 47 murriztea jasotzen du, 18,3 milioi tonaraino. Egungo % 25eko muga-zergak % 50era igotzea ere planteatzen da.
Horiez gain, inportatzaileei beste hainbat neurri ere ezarriko zaizkie, "gardentasunaren" izenean. Hala nola, altzairuaren jatorriaren inguruko informazio zorrotza exijituko zaie, iruzurrik egon ez dadin.
Zure interesekoa izan daiteke