Ryanairrek txalotu egin du eskuko ekipajearen espedientea, eta Kontsumok “airelineak defendatzea” leporatu dio EBri
Europako Batzordeak zalantzan jarri ditu Espainiako Gobernuak kostu txikiko hegaldien bost konpainiari ezarritako 179 milioiko zigorrak; kontsumitzaileek eta Bustinduy ministroak, berriz, Bruselaren “menpekotasuna” salatu dute aireko sektorearen presioen aurrean.
Michael O’Leary Ryanairreko kontseilari delegatuak txalotu egin du Europako Batzordeak Espainiaren aurkako arau-hauste prozedura irekitzeko hartutako erabakia. Ryanairrek dio “Espainiako legedia Europakora egokitu behar dela, eta ez alderantziz”. Kontsumo Ministerioak duela ia urtebete Ryanair, Vueling, EasyJet, Norwegian eta Volotea konpaniei ezarri zizkien 179 milioi euroko isunak, eskuko ekipajeagatik gehigarriak kobratzeagatik.
Bruselak uste du Espainiako Aire Nabigazioaren Legeak murriztu egiten duela konpainiek prezioak ezartzeko duten askatasuna, eta bi hilabeteko epea eman dio Madrili erantzuteko. Espainiako Gobernuak bere araudia aldatzen ez badu, Batzordeak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eraman dezake kasua. Espainiako Exekutiboaren arabera, Europako legediak tarifa-askatasuna bermatzen du , betiere kabinako ekipajerako ezarritako pisuari, neurriei eta segurtasunari buruzko arrazoizko irizpideak errespetatzen badira.
Espainiako erreakzioa berehalakoa izan da. Pablo Bustinduy Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren ministroak “penagarritzat” jo du Batzordea “zigortutako airelineen abokatu defendatzaile bihurtu izana”, Bruselari “boteretsuen aurrean amore ematea” leporatuz. Bustinduyk adierazi duenez, Gobernuak zigorrak mantenduko ditu eta EBko Justizia Auzitegian defendatuko du eskuko ekipajea kobratzea abusuzko jarduera dela eta bidaiarien eskubideak urratzen dituela.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Federazioak (CECU) ere gogor kritikatu du Bruselaren jokabidea. Bere zuzendari David Sanchezek Batzordea “enpresen alde eta ez kontsumitzaileen alde” jarri izana deitoratu du, eta ohartarazi duenez, “badirudi orain eskuko ekipajea luxuzko produktua dela”. Gainera, gogorarazi du EBko Justizia Auzitegiaren 2014ko epai batek eskuko ekipajea aireko garraioaren funtsezko zatitzat jo zuela, betiere arrazoizko neurriak betetzen baditu.
Bestalde, Aire Lineen Elkarteak (ALA) Batzordearen erabakia ospatu du, “konpainiek beren zerbitzuen prezioak finkatzeko duten askatasuna bermatzen duela” eta Kontsumoko zigorrek “justifikaziorik ez dutela” iritzita. Bere ustez, espedienteak erakusten du Espainiak “Europako araudiaren kontrako aldebakarreko zigorra ezarri zuenean gehiegizkoa egin zuela”.
Hasiera fasean dagoen Bruselako espedientea hilabetetan luzatu liteke. Adostasunik ez badago, Batzordeak irizpen arrazoitua emango du, eta kasua EBko Justizia Auzitegira bidal dezake. Bien bitartean, airelineen, kontsumitzaileen eta Espainiako Gobernuaren arteko talkak eztabaida piztu du berriro, eskuko ekipajea bidaiariaren oinarrizko eskubidea ote den edo ordaindu beharreko zerbitzu gehigarri bat ote den.
Zure interesekoa izan daiteke
Jaurlaritzak "erantzukizunez" jokatzeko deia egin die Osasun Ministerioari eta medikuen sindikatuei, arratsaldeko bileraren atarian
Pazienteen Elkarteen bitartekaritzari uko egin ostean, 15:00etan dira biltzekoak medikuen sindikatuak Espainiako Osasun ministerioarekin, estatutuaren inguruko gatazka negoziatzeko.
Brentaren prezioa % 13 baino gehiago jaitsi da, eta Ibex indizea % 3 baino gehiago igo, AEBren eta Iranen arteko su-etenaren ondotik
Brent petrolio upelaren prezioak behera egin du nabarmen, AEBk eta Iranek adostutako bi asteko su-etenaren ondorioz. Bi aste horietan, Pakistanen bake akordio bat negoziatuko dute, Teheranek aurkeztutako hamar puntuko planean oinarrituta.
Guardian eta Glavista berpizteko akordioa “lortzear”, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Akordioak 80 eta 85 milioi euro arteko inbertsioa ekarriko luke, eta 400 lanpostu inguru berreskuratzea eskualdean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak "zuhurtzia" eskatu du, akordioa oraindik ez baitago itxita.
Abian da errenta kanpaina Araban eta Gipuzkoan, eta gaurdanik autolikidazio proposamena onartu daiteke
Astearte honetatik, apirilak 7, Arabako eta Gipuzkoako ogasunek egindako autolikidazio proposamenak onartu edo aldatu ditzakete zergadunek. Ostegunean, apirilak 9, hasiko da errenta aitorpenaren kanpaina Nafarroan, eta apirilaren 15ean, berriz, Bizkaian.
Gaur hasiko da errentaren kanpaina Araban eta autolikidazio proposamenak onartu ahal izango dira
Arabako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, aurten 202.576 lagunek inguru egingo dute errenta aitorpena Araban, eta horietatik % 70 inguru herritarrei dirua itzultzeko izango dira. Kanpaina ekainaren 25ean amaituko da eta gehien erabiliko den modalitatea Rentafacil izango da.
Tubos Reunidoseko enpresa batzordeak "inplikazioa" eskatuko dio Jaurlaritzari, asteazkenean egingo duten bileran
Gorka Abascal ESK sindikatuko ordezkari eta enpresa batzordeko kideak adierazi duenez, bilerara jarrera positibo eta arduratsuarekin joango dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak nola doazen ezagutzeko asmoz. Enpresak bere zorraren erdia Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki, SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearekin.
1.033.410 kotizatzaile zeuden martxoan Euskadin, otsailean baino 5.003 gehiago eta 2025eko martxoan baino 10.971 gehiago
Langabeziari dagokionez, martxoan 107.173 pertsona zeuden Lanbiden erregistratuta, otsailean baino 179 gehiago eta duela urtebete baino 1.141 gutxiago. Nafarroan ere igo egin da afiliazioa, eta langabezia, berriz, jaitsi, eta 2008tik izandako daturik onenak izan dira Foru Erkidegoan.
"Handling" zerbitzuko langileek beste greba egun bat dute gaur, eta 175 hegaldi daude programatuta Loiun
Lanuzteak egingo dituzte txanda guztietan. Joan den astelehenean 90 minuturainoko atzerapenak izan ziren, eta hegaldiren bat bertan behera geratu zen.
Gasteizko Aireportuko aparkalekuak doakoa izateari utziko dio 2027tik aurrera
Aenaren arabera, aireportuaren jarduera "nabarmen" hazi da, eta horren ondorioa izan da erabakia. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak esan du hedabideen bidez izan duela erabakiaren berri.
Tubos Reunidoseko langileek enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uztea eta erakundeen inplikazioa eskatu dute
Amurrioko lantegiko Tubos Reunidoseko langileek manifestazioa egin dute asteazken honetan, 242 kaleratze proposatzen dituen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Bilbon egindako mobilizazio batean, sindikatuen ordezkariek gutun bat aurkeztu dute enpresaren bulegoetan, espedientea bertan behera uzteko eskatuz.